Politika -

KATALUNIA

Legea defendatuko duela esan dio Duran Lleidak Rajoyri

Dena dela, legea defendatzeko eta betearazteko Espainiako Gobernuak mahai gainean jarri dituen proposamenekin ez datorrela bat esan du Duran Lleidak.

Rajoy eta Duran Lleida, gaur goizean, Moncloan. EFE.
Duran i Lleida eta Herzogekin bildu da Rajoy

1:13

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josep Antoni Duran Lleida Unio alderdiko burua Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin bildu da gaur goizean; Kataluniako prozesu independentistari aurre egiteko Rajoyk abiatutako bilera errondaren baitan batzartu dira bi buruzagiok.

Legearen defentsan bidelagun izango duela eta desobedientziaren kontra agertuko dela esan dio Duran Lleidak Rajoyri. Dena dela, legea defendatzeko eta betearazteko Espainiako Gobernuak mahai gainean jarri dituen proposamenekin ez datorrela bat esan du Unioko buruak.

Bestalde, Duran Lleidak nabarmendu du bere alderdiak ez duela inoiz "fronte" batean parte hartuko, baina Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak bere horretan errespetatuko dituela gaineratu du.

Duran "pozik" agertu da independentziaren aldeko adierazpena aurrera ateratzen bada Rajok aurreratu dizkion neurriekin. Izan ere, "Auzitegi Konstituzionalera joko dute, ez besterik", argitu du.

Duran Lleidaren esanetan, "berandu" heldu zaio auzi honi, Espainiako hauteskunde orokorrak ate joka daudelako eta alderdi guztiak euren jarrera defendatzen ari direlako. Dena den, gorteak eratzen direnean Kataluniako arazo politikoari erantzun egokia emateko lantalde edo mahai bat osatu beharra dagoela uste du Unioko buruak. Haren aburuz, Kataluniaren errealitate nazionala aitortzeko xedapen gehigarria erantsi beharko litzateke Konstituzioan eta finantzazio arazoak konpondu.

Egindako proposamenak "arretaz" entzun omen ditu Rajok eta jakinarazi, Konstituzionalera jo baino arinago, buruzagi politikoak berriro bilduko dituela.

Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzea eskatu du Herzogek

Andres Herzog UPyDren bozeramailea ere Rajoyrekin bildu da gaur, ia ordubetez. Batzarraren ondotik eskainitako prentsaurrekoan azaldu duenez, Kataluniako Estatu egiturak "desegiteko" deia egin dio gobernuburuari, Konstituzioaren 155. artikulua aplikatuta. Horrez gain, Kataluniako jarduneko gobernuaren kontrako zigor-arloko salaketa jartzeko galdegin du, baita Hezkuntza eskuduntza kentzeko ere. Izan ere, arazoaren jatorria "doktrinamendua" da, Herzogen ustez.

Eskaera gehiago ere egin dizkio Herzogek Rajoyri. Hala, independentismoa finantzatzeari uzteko eskatu dio, Estatuak Generalitateari ematen dion dirutza kontrolatuta.

UPyDk Junts Pel Si eta CUPen kontra aurkeztutako kereila kriminala aurrera atera dadin, Fiskaltzaren eta Estatuko Abokatutzaren laguntza eskatu dio Herzogek PPko buruzagiari.

Azkenik, Espainiaren batasuna defendatzen bidelagun izango dutela adierazi dio Rajoyri, euren babesa "gauzak egiteko, ekiteko" dela ohartarazita, ez "erretorikan ibiltzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Rajoy albisteak