Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Uriarte: 'Txikikeriak dira zuzendaritzarekin ditugun desadostasunak'
Euskadiko Ahal Duguko idazkari nagusiak garrantzia kendu dio atzo gertatutakoari, eta datozen egunetan Podemoseko zuzendaritzarekin ados jarri direla nabarmendu du.
Eider Garaikoetxea | eitb.eus
Roberto Uriarte Euskadiko Ahal Duguko idazkari nagusiak garrantzia kendu dio atzo piztutako suari, eta Euskadiko alderdiak Podemoseko zuzendaritzarekin dituen desadostasunak "txikikeriak" direla nabarmendu du. "Ez da benetako desadostasuna. Ez da alderdi bat hausteko problema", erantsi du.
Zurrunbilo politikoa abiatu eta biharamunean Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketan, atzo prentsaurrekoa bertan behera utzi eta ondoren ateratako oharra "gogorra ez" dela azpimarratu du Ahal Duguren buruak, eta hedabideek alderdien barruan egon daitezkeen arazoak "areagotzeko eta lupa handia jartzeko" duten interesa aipatu du sortutako zalaparta azaltzeko. Izan ere, horren ustez, Ahal Duguk Podemosen zuzendaritzarekin dituen desadostasunak "txikikeriak dira, ez dira benetako desadostasunak"; ez, behintzat, "alderdi bat hausteko problemak", argitu du.
Hauteskunde orokorretarako EAEko zerrendak egiteko orduan, Euskadiko zuzendaritzak eta Estatukoak bi ikuspuntu dituztela nabarmendu du Uriartek, eta hori argitu bitartean, atzo hori aztertzeko iragarritako prentsaurrekoa bertan behera uztea erabaki zuela azaldu du. "Desadostasunak hautagaitzarik onena adosteko alorrean ditugu. Gure ustez, adostu egin behar da, denok amore emanda". Hain justu, akordioa datozen egunetan lortuko dutela espero du Uriartek. Hala, Juantxo Lopez de Uralde Equoko hautagaiari "leku egokiagoa" (Ahal Duguren Kontseilu Hiritarrak Bizkaiko zerrendaburu izatea erabaki zuen, eta Iglesiasek Araban kokatu du) emango diotela espero du Ahal Duguren idazkari nagusiak.
Otegi askatzeko deitutako manifestaziora joan ziren Ahal Duguren kideei "zuzenketa" eskatu zaiela eta, zuhur mintzatu da Uriarte. Ahal Duguren organo gorenak erabakitakoa aintzat hartu gabe martxara joan zirenekin "haserre" daude idazkari nagusia eta hautetsi batzuk, horren esanetan, eta "izango dute haserre egoteko arrazoirik. Nik hori errespetatzen dut".
Podemos Euskadiko hainbat buruzagik zabaldutako oharra bereziki gogorra zen manifestaziora joan zirenekin, EH Bilduren "atzetik ibiltzea eta Euskadiko Ahal Duguren barruan urpeko gisa aritzea" egotzi baitzieten.
Ikuspuntu ezberdinak
Alderdi barruan dauden "arazo txikien" artean bi bereizi ditu Uriartek: "barne antolaketarekin lotuta daudenak, interes publikorik ez dutenak eta etxe barruan garbitu beharrekoak", eta "bestelakoak, interes publikoa dutenak". Atzo zabaldutako oharrean, Kontzertu Ekonomikoa eta normalizazioa aipatu zituen Podemos Euskadik zuzendaritzarekiko "sintonia falta" azaltzeko. Horren inguruan galdetu diotenean, Uriartek esan du Pablo Iglesiasek "errespetatu" egin behar duela "hemen egiten dugun diskurtsoa".
Kontzertu Ekonomikoa hizpide, sistema honen defentsa egin du Ahal Duguko idazkari nagusiak; izan ere, "nahiko ondo funtzionatzen du", nabarmendu du. Horren hitzetan, "aldatu beharrekoa gehiago izango litzateke erregimen komuna edo arrunta, beste autonomietan erabiltzen dena eta ez duena egokitasun hori, ez dena kapaz benetan nahikotasun printzipioa, finantziazio nahikoa bermatzeko beste autonomiei. Gure kasuan, bai Nafarroako Autonomia Erkidegoan eta bai Euskal Autonomia Erkidegoan, argi eta garbi, Kontzertu Ekonomikoak eta Konbenio Ekonomikoak bermatzen dute nahikotasun finantzieroa, hau da, finantziazio nahikoa izatea autonomiek, eta beste alde batetik, bi autonomia hauek pozik daude, konforme daude, gure sistemarekin; Estatua ere, beste partea ere, orain arte behintzat, ez du inolako desadostasunik adierazi sistemarekin. Orduan, hemengo autonomiak eta estatua konforme badaude, eta, alderantziz, beste autonomietan kontrakoa gertatzen bada, ze beste autonomietan autonomiak eurak ez daude konforme daukaten sistemarekin, bada, arraroa izango litzateke hau aldatzea. Aldatu behar izatekotan, aldatu beharko litzateke funtzionatzen ez duena, edo desadostasunak edo disgustua sortzen duena edo jendea gustura ez dagoena, eta badirudi beste autonomietan ez daudela gustura bereziki erregimen arruntarekin".
Erabakitzeko eskubidea ahotan, Euskal Herrian "adostutako eta legezko kontsulta bat" egitearen alde egin du Uriartek, Katalunian jazotzen ari dena baztertuta. "Hartzen dituzten neurri guztiak korapiloa handiago egiteko baino ez dute balio. (Kataluniakoa) konponezineko arazoa bilakatu nahi dutela ematen du", deitoratu du.