Itxi

Politika

Hauteskunde orokorrak

'Bakoitzak bere bidea eginez,helburu bera dute Euskadi eta Kataluniak'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Andoni Ortuzarren esanetan, erabakitzeko eskubidea eta burujabetasuna dute biek helburu. EAJk ordezkaritza bat bidaliko du astelehenean Kataluniako parlamentura Masi eta Parlamentuari babesa emateko.

1:05

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak adierazi duenez, Euskadik eta Kataluniak helburu bera dute (erabakitzeko eskubidea eta burujabetza aitortzea), nahiz eta, bakoitza bere bidea egiten ari den.

Laudion, batzoki berriaren inaugurazioan egin ditu hitzok jeltzaleen buruzagiak. Ortuzarrek babesa eskaini dio Artur Mas jarduneko presidenteari eta errespetua adierazi dio Kataluniako parlamentuak astelehenean hartuko duen erabakiari; izan ere, Kataluniako estatua sortzeko ebazpena eztabaidatuko dute. Aldi berean, Kataluniako presidentea aukeratzeko inbestidura saioa ere egingo da astelehenean.

Aipaturiko babes horren lekuko, EAJk Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailea bidaliko du Kataluniako parlamentura, "Kataluniako herriaren gehiengo subiranoak hartuko duen erabakiari babesa emateko".

Ortuzarrek uste du EAJ eta Kataluniako nazionalistak elkarren kontra jarri nahian dabilela Espainiako gobernua, euskaldunak txintxoak eta haiek gaiztoak direla esanez.

Bestalde, Espainiako hauteskunde orokorrei begira, euskal herritarren interesen defentsa bermatzen duen aukera bakarra EAJ dela adierazi du. Aste honetan gertaturikoaren balantzea egin du eta, haren esanetan, "zentzugabekeria" dirudiela eman dezakeen ondorioa plazaratu du: "Abenduaren 20ko Espainiako hauteskundeetan aukera onena boto abertzalea da, baina EAJren aldeko botoa".

Ildo horretan, baztertu egin du EH Bilduren boto abertzalea. Ortuzarren hitzetan, "bere burua psikoanalizatzen ari da indarkeria urteen ondotik egin zuenari edo egin ez zuenari nola aurre egin erabakitzeko". Gainera, Madrilera zergatik joan nahi duen argitu beharko lukeela uste du: "Orain arte independentzia lortzeko Madrilera joan beharrik ez zegoela esaten zuten eta aurreko egunean Espainiako gobernua babesteko prest agertu ziren".

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena