Politika -

KATALUNIA

'Hauteskundeak saihesten saiatuko gara, baina ez edozein preziotan'

Kataluniako jarduneko presidenteak aurreratu duenez, datozen egunotan emango dute ezagutzera CUPi proposatu dioten gobernu egitura.

Artur Mas, gaur, Catalunya Radion.
Artur Mas, gaur, Catalunya Radion.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Generalitateko jarduneko presidenteak CUPen eta  Junts pel Siren arteko negoziazioak izan ditu hizpide, besteak beste, goizean Catalunya Radion egin dioten elkarrizketan. Masen hitzetan, Kataluniako hauteskundeetan herritarren gehiengo zabal batek JxSi koalizioari eman zion babesa, ez CUPi, Gobernu berria gidatzeko. Beraz, prozesu honetan erabakiak CUPek hartzea eta JxSik ontzat ematea ez da "herriak erabakitako" formula, Artus Masen iritzian.

Gogoeta hori alor ekonomikoko eragileek egin dioten galdetuta, Masek ondorengoa esan du: "Irakurketa hori herritar askok egiten dute, nik aurrena".

CUPi proposatu dioten gobernu egitura berria datorren astean publikoki emango dutela ezagutzera esan du Masek.

Bertan aurreratu duenez, Generalitateko kide izatea proposatu diete CUPekoei, baina ez dute onartu: "Ez dugu eragozpenik CUP Gobernuan egoteko, baina egon nahi ez izatea ere guztiz ulergarria da".

Hauteskunde orokorren kanpaina hasi aurretik inbestidura saioa deitzea ez du ezinezkotzat jo Masek. Junts pel Si hauteskundeak aurreratzea saihesteko "ahalegin guztiak" egiten ari dela ziurtatu du, "baina ez edozein preziotan".

"Biziraupen borroka"

Bestalde, Kataluniako autonomia aspaldi desagertu zela nabarmendu du Masek, eta, orain, herrialde osoa "biziraupen borroka" batean dagoela gaineratu du; "estatu propioa ekarriko duen borroka batean", Masen aburuz.

Kataluniari autonomia erkidegoen Likidezia Funtseko dirua eskuratzeko kontrol zorrotzagoak ezarriko zizkiola iragarri du egunotan Espainiako Gobernuak, eta hori, jarduneko presidentearen aburuz, prozesu independentistaren kontrako zigorra da: "Ezberdin pentsatzen baduzu, suntsitu egiten zaituzte".

Gai hori auzitara eramango duten arren, "erantzun bakarra ez da juridikoa izango", zehaztu du. Kataluniak duen "b plan bakarra" estatu propioa sortzea dela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Albisteak Gaur Eguneko albisteak Kataluniako hauteskundeak Artur Mas argazkiak