Politika -
Inbestidura
CUPek irekita ditu 'aukera guztiak', eta batzarrean erabakiko du
Anna Gabrielen esanetan, negoziazioa bideratzeko baldintza aurrekontuak onartzea da.
agentziak | erredakzioa
Antonio Baños CUPen zerrendaburu eta diputatuak esan du "aukera guztiak" daudela irekita Junts pel Sirekin negoziatzeko, eta militanteek aurki egingo duten batzarrean erabakitzen dutena egingo duela alderdiak.
Bañosek Rac1 irrati-katean egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "batzarrean 'bota ezazue Artur Mas presidente' esaten badigute, agindu hori ematen badigute, bete egingo dugu”.
Bañosek ukatu egin du CUPeko diputatu batzuk inbestiduraren alde bozkatzeko prest daudela, eta "hamar diputatuek elkarrekin adostuko dute zer egin", batzarrean hartutakoa erabakia aintzat hartuta.
"Hemen ez dago 'tamayazorik'. Ez du axola gu hamarrotako bakoitzak zer nahi duen. Gure jendeak agintzen diguna egingo dugu", berretsi du.
Bañosen esanetan, igandeko eztabaidaren ostean militanteek egindako bozketa "galdeketa moduko bat" izan zen, ez loteslea, eta bertan aurkeztu ziren lau aukeretako baten edo gehiagoren alde egin ahal zen. Behin betikoa, baina, batzarrak hautatzen duena izango da.
Hauteskundeak aurreratzea ondo ikusiko ote lukeen galdetuta, honakoa erantzun du: "Niretzat drama izango litzateke. Porrota izango litzateke".
Aurrekontuak
Bestalde, Catalunya Radion eskainitako elkarrizketan, Anna Gabriel CUPeko diputatuak adierazi du CUPek negoziazio mahaiaren gainean jarri duena "aurrekontu batzuk onartzea duela baldintza gisa".
Gabrielen iritzian, tamalez ez dituzte aurrekontu sozial batzuk jasoko, eta, horiek goitik behera aldatzeko, atzera egin behar da zerbitzu batzuk pribatizatzeko bidean, baina Junts pel Sik "lerro gorria jarri du" gai horren inguruan, eta ez du eztabaidatu nahi.
Diputatu independentistaren aburuz, "ez da inolako mesederik egiten hautesle-taldeak elkarren kontra jarrita" eta JxSí koalizioko 62 diputatuk independentzia nahi dutela eta CUPeko hamarrek trabak jartzen dituztela esanez, eta CUPekin bidegabe jokatzen ari direla gaineratu du.