Politika -
POLIZIA OPERAZIOA
Bi pertsona atxilotuta Katalunian eta Kanarietan, DAESHekin lotuta
Goizaldean abiatu du operazioa Espainiako Poliziak, eta oraindik zabalik dago. Ez da baztertzen datozen orduotan atxiloketa gehiago egotea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi pertsona, gizon bat eta emakume bat, atxilotu ditu, bart, Espainiako Poliziak Katalunian eta Kanariar Uharteetan, DAESH erakundearekin zerikusia dutelakoan.
Barne Ministerioak, ohar baten bidez, jakitera eman duenez, operazioa oraindik zabalik dago, eta ez da baztertzen datozen orduotan atxiloketa gehiago izatea. Auzitegi Nazionala ari da operazioa koordinatzen.
Estatu Islamikorako jendea biltzea eta doktrinamendu lanak egitea leporatzen diete bi atxilotuei, besteak beste.
Ikerketako iturrien arabera, sare sozialak erabiltzen zituzten Estatu Islamikoaren aldeko mezuak zabaltzeko, "elkarlanean eta koordinatuta".
Barne Ministerioaren zehaztu du datozen orduotako atxiloketak Estatuko toki ezberdinetan izango direla.
"Zuzeneko harremana"
Atxilotutako bat 32 urteko gizonezkoa da, Matarokoa (Bartzelona). Bestea, berriz, 19 urteko emakumea, Pajarakoa (Fuerteventura).
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak azaldu duenez, "DAESHi leialtasuna" agindu zioten biek, eta Frantziaren eta Espainiaren kontra "heriotza mehatxuak" egin zituzten. Estatu Islamikoaren buruzagitzarekin "zuzeneko harremana" zutela gaineratu du ministroak.