Politika -

Sakharov saria 2015

Ensaf Haidar: 'Basakeriari ezetz esateko ausardia eduki du Badawik'

Blogari saudiarabiarraren emazteak jaso du, haren izenean, Europako Parlamentuak emandako Sakharov saria.

Ensaf Haidar, Badawiren emaztea, gaur saria jasotzean
Ensaf Haidar, Badawiren emaztea, gaur saria jasotzean
Ensaf Haidar, Badawiren emaztea, gaur saria jasotzean

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Raif Badawik ahotsa altxatzeko eta basakeriari 'ezetz' esateko ausardia izan du, horregatik zigortu dute", hala nabarmendu du Ensaf Haidar blogari saudiarabiarraren emazteak gaur Sakharov saria jasotzean. Kontzientzia Askatasunaren defentsan egindako lanagatik saria banatzen du urtero Europako Parlamentuak; aurten, 'Free Saudi Liberals' webgunearen arduradunarentzat, Raif Badawirentzat, da saria, baina kartzelan denez, emazteak jaso du.

Badawik sortutako Saudiarabiar Sare Liberal foroan islama iraintzen zela egotzita, 10 urteko kartzela zigorrera eta 1.000 zigorrada jasotzera kondenatu zuten blogaria 2014an. Lehen 50 zigorradak 2015eko urtarrilean jaso zituen Badawik, eta Mendebaldeko herrialde gehienek eta Europako Parlamentuak berak giza eskubideen kontrako zigor "basatitzat" jo zuten. Badawik Saudi Arabia bezalako herri kontserbadore batean prentsa askatasunaren aldeko egindako lana goraipatu nahi izan du Europako ganberak.

Saria jasotzeko ekitaldian Haidar emazteak nabarmendu duenez, senarra "izpiritu librea da, ez da gaizkile bat. Pentsaera bakarra duen herrialde batean libreki mintzatu da, hori bakarrik".

Sinbolismoz beteriko hitzaldia egin du Haidarrek. Aurrena, minutu bateko isilunea egin du Parisko atentatuetan hildakoen alde; gero, senarraren erretratu bat erakutsi du, europarlamentarien txalo artean.

Adierazpen askatasuna

Haidar emazteak saria jaso baino lehen emandako hitzaldi batean adierazi duenez, "Europako herrialdeek Saudi Arabian adierazpen askatasuna bermatzeko presio gehiago egin beharko lukete".

Emakumeak herrialde arabiar honetan duen askatasun murritzari dagokionez, ordea, ezkorrago agertu da Haidar. Haren hitzetan, "egoera hori gizarteak aldatzen du, ez legeek".

Badawiren emazteak azaldu duenez, blogariak gose-grebari ekin zion abendu hasieran, isolamenduko espetxe berri batera eraman zutela eta, protesta egiteko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Europako herrialdei buruzko albisteak Sare sozialak Gaurko titularrak Albisteak Interneteko berritasunak Saudi Arabia