Politika -

Erasoa

Adingabe batek ukabilkada bat eman dio Mariano Rajoyri, Galizian

PPko hautagaia hainbat pertsona agurtzen ari zen Pontevedran, eta, bat-batean, gazte batek eraso egin dio.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamazazpi urteko mutil batek ukabilkada bat eman dio gaur Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente eta karguan jarraitzeko PPko hautagari, agintariaren sorterrian, Pontevedran (Galizia). Ondorioz, betaurrekoak hautsi dizkio.

Erasoa 17:50ean jazo da, Rajoy hauteskunde paseo bat egiten ari zela.

Ordu horretan, agintaria hainbat pertsona agurtzen ari zen, eta, bat-batean, gazte bat hurbildu zaio eta zaplaztekoa eman dio. Berehala atxilotu dute.

Lekukoen arabera, adingabeak esan du murrizketak eta ustelkeria direla eta egin diola eraso Rajoyri. Gaztea Pontevedrakoa da, eta ez du zigor aurrekararirik, Barne Ministerioak baieztatu duenez.

Rajoyk eutsi egin dio bere agendari, eta mitin bat eskaini ondoren, Coruñan. Twitterren, eskertu egin ditu babes mezuak.

Pedro Sanchez PSOEko presidentegaiak "gaitzetsi" egin du erasoa, eta Pablo Iglesiasek (Podemos), Albert Riverak (Ciudadanos), Alberto Garzonek (IU) eta Iñigo Urkullu lehendakariak babesa agertu diote agintariari.

 

 

Balizko delituak

Erasotzailea adingabeentzako zentro batera eraman lezakete, erregimen itxian. Nolanahi ere, aukera hori "oso txikia" dela esan dute hainbat adituk, Europa Press agentzian egindako adierazpenetan.

Ikusi beharko da Fiskaltzak zer-nolako delitu mota egozten dion adingabeari, baina, segur aski, agintearen aurkakoa leporatuko dio. 1-6 urteko zigorra ezar liezaiokete horrela. Estatuaren goi-erakundeen aurkako delitua egoztea ere ez dute baztertu beste zenbait adituk.

Legearen arabera, giltzapetze neurriak "arrisku handieneko" kasuetan baino ez dira ezartzen, egindako delitua "oso larria" bada.

Hori dela eta, erregimen itxia gazteari ezar liezaioketen neurri zorrotzena izango litzateke, baina badaude erdibideko beste hainbat, hala nola irekia, erdi-irekia, eguneko zentro batera eramatea edo askatasun behatua ezartzea.

Neurri arinetako bat izan daiteke gazteari ohartaraztapena ematea. Horrela, lan komunitarioak egin beharko lituzke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Mariano Rajoy Espainiako hauteskunde orokorrak gaur Espainia albisteak Albisteak Galizia azken ordukoa