Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
EH Bilduk herri batzarrak egingo ditu urtarrilean, barne eztabaidarako
Erakundeetan Ahal Dugurekin eta Irabazirekin aliantza politikoak berriak egiteko aukera ikusten du Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak.
EITB.EUS
Abenduaren 20ko hauteskunde emaitzen ondotik, Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak iragarri du koalizioak barne hausnarketa prozesu bat abiatuko duela urtarrilean, 2016ko hauteskunde autonomikoei begira euskal gizarteari egingo dion "eskaintza" birdefinitzeko. Hala, EH Bilduk herri batzarrak egingo ditu Euskal Herriko herri eta hirietan.
Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, Arraizek onartu du batzuetan ez dutela proposamen erakargarria egiten asmatu eta, beraz, EH Bilduk zer eta nola izan behar duen erabaki behar dutela.
Euskal politikagintzari begira, erakundeetan Ahal Dugurekin eta Irabazirekin aliantza politiko berriak egiteko aukera ikusten du Arraizek. Haren esanetan, "nahiko arrunta" da herrietako plazetan Ahal Dugu, Irabazi eta EH Bilduko kideak pankarta beraren atzean egotea, batez ere, gizarte gaietan. Horregatik, plazetako irudi hori erakundeetara eraman daitekeela iritzi dio.
"Kalean hori normala eta naturala bada, logikoa da erakundeetan ere normala eta naturala dela pentsatzea. Are gehiago, erakundeetan posible bada, kolaborazio horren aldeko apustua egingo dugu", gaineratu du.
Bestalde, Hasier Arraiz ziur dago aldaketak Euskal Herritik egin eta bultzatu behar direla; izan ere, abenduaren 20ko hauteskundeen ondotik erabakitzeko eskubideak inoizko babesik handiena badu ere, ez du benetako aldaketa politikorako aukerarik ikusten estatu espainiarrean.