Politika -
CUP
Lurralde-batzarrek zatiketari eutsi diote, azken erabakiaren bezperan
Bihar elkartuko da CUPeko Kontseilu Politikoa Artur Mas Generalitaterako Junts pel Siren hautagaia babestu ala ez erabakitzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Artur Mas Generalitateko presidentegaia babestu ala ez erabakiaren aurrean, CUPeko lurralde-batzarrek barne-zatiketari eutsi diote larunbat honetan. Dena dela, auzia bihar bertan ebatzi beharko du alderdiaren zuzendaritzak.
Goizeko hamarretan hasi da CUP alderdiaren Bartzelonako lurralde batzarra Pere Quart gizarte etxean. Guztira, 13 lurralde batzar ditu alderdiak eta Bartzelonakoa ei da eragin handiena duena. CUPek abenduaren 27an egindako batzar nazionalean Masen aldekoen eta kontrakoen arteko berdinketa izan zen.
Gaur elkartu diren CUPeko militanteek eta biharko Kontseilu Politikora deituta dauden 70 kidek bi proposamenen artean erabaki beharko dute: Masen inbestidura babestu edo baztertu. Mas ez babestea erabakiz gero, bi aukera dituzte: inbestidura saioan 5 aldeko boto eta kontrako 5 boto ematea edota 10 diputatuek abstentziora jotzea.
Bigarren aukera Masen inbestidura babestea litzateke, aldeko bi boto eta 8 abstentzio emanda. CUPen esanetan, boto zatiketa horrek "CUPek independentziarekiko eta herriaren prozesu eratzailearen alde" egiten duen apustua erakutsiko luke eta, aldi berean, murrizketa eta pribatizazio politiken kontrako jarrera.
Lurralde batzarretan CUPeko militanteek soilik dute boto eskubidea eta "pertsona bat, boto bat" irizpidea erabiliko da. Artur Masen inbestidura babestearen edota baztertzearen aldeko botoak eta abstentzioak, hots, boto guztiak zenbatuko dituzte.
Bartzelonako lurralde batzarrean Masen kontrakoak nagusitu dira, 10etik 8 agertu dira aurka. Penedes eta Camp de Tarragonako lurralde batzarretan hamarretik lauk soilik babestu dute Masen inbestidura erraztea. Aitzitik, Gironako Maresme, Nord-Oriental eta Alt Ter lurraldeetako batzarretan berdintasuna izan da nagusi, nahiz eta Masen inbestidura erraztearen aldekoak ugaritzen ari diren. Bestalde, ez dago Ponent-Piriniotako batzarraren behin betiko daturik; izan ere, militanteek gauerdira arteko tartea dute botoa emateko.
13 lurralde batzarretan hartu diren erabakiak bihar gerta daitekeenaren orientagarri izan daiteke. Kontseilu Politikoaren batzarra bihar, igandea, izango da Bartzelonako Pere Quart gizarte etxean, goizeko hamarretan hasita, eta alderdiaren idazkaritza nazionala eta Kataluniako Parlamentuko taldea osatzen duten 68 buruzagiak elkartuko dira bertan.
Bestalde, Kontseilu Politikoan erabiliko den prozedurari dagokionez, bi proposamenak bereizita bozkatuko dituzte eta biek gehiengo absolutua lortzen badute, bozketak errepikatuko dituzte bakarra onartu arte.