Politika -
Erreakzioak
I27rako CUPen aldeko boza eskatu izanaz damutu da ANCko presidentea
Kataluniako Asanblea Nazionaleko presidente Jordi Sanchezek esan duenez, "herriaren borondatea berriro egiteko eta batasun proiektu berria eraikitzeko unea da".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jordi Sanchez Kataluniako Asanblea Nazionaleko (ANC) presidenteak Twitterren bidez adierazi duenez, I27rako CUPen aldeko boza eskatu izanaz damutzen da, eta barkamena eskatu die "engainatuta sentitzen direnei", Artur Mas Generalitateko presidentegaia babestuko ez duela CUPek erabaki ostean.
Sanchezek esan duenez, "herriaren borondatea berriro egiteko eta batasun proiektu berria eraikitzeko unea da, jakinda azken urteetan egindako guztia ez dugula galduko".
ERC
ERCko buruzagi Oriol Junquerasek ere mezua zabaldu du Twiterren: 'Inoiz ez dugu amore emango. Ez dugu inoiz egin, eta ez dugu inoiz egingo. Aurrera!".
Parlamentuko presidentea
Bestalde, Kataluniako Parlamentuko presidente Carme Forcadellek bere harridura agertu du Twitterren CUPen azken erabakiaren harian: "Okertu egin nintzen, asko gainera".
"Beti pentsatu izan dut I27ko agindu demokratikoa egia bihurtzen CUPek lagunduko zuela. Baina ez da horrela izan", gaineratu du sare sozialetan zabaldutako mezu baten bitartez.
PP
Andrea Levy Ikasketen eta Programen idazkariordeak adierazi duenez, Katalunian hauteskunde berriak egin behar izatea "arazo txikia da", baina "plebiszitu independentistaren bigarren itzuli bezala" ez hartzeko eskatu du. Katalunian azken hilabeteetan bizi den "ezegonkortasun politikoa gainditzeko aukera da", azpimarratu du Levyk.
Gainera, Xabier Garcia Albiol PPko hautagaia berriro izango dela aurreratu du, "independentismoaren alternatiba delako, eta baita Podemosek eta PSOEk Katalunian egin dezaketen akordioaren alternatiba ere".
PSOE
Katalunian berriro hauteskundeak izatearen balizko aukeraren harian, PSOEko buru Pedro Sanchezek Miquel Iceta PSCko idazkari nagusiarekin hitz egin du, eta "babes osoa" eskaini dio.
PSOEko iturriek esan dutenez, PSCk PSOEko zuzendaritzaren babes osoa dauka, eta hauteskunde berrietan "Sanchezek dena emango du, aurrekoetan bezala".
Ciudadanos
Ines Arrimadas Katalunian Ciudadanoseko buruzagiak Twiterren idatzi duenez, "guztion artean, aurrera egingo dugu". "Denbora, diru eta aukera nahikoa galdu dugu Katalunian zatitzen gaituen eztabaida honekin", gaineratu du.