Politika -

Generalitatearen jauregian

Mas: 'Madrili eta hemengo alderdiei aurre egiteko gogoa dut'

CUPek presidente izendatzeko inbestidura saioan babestuko ez duela iragarri ondoren, aurrenekoz egingo du agerraldia Masek Generalitateko Jauregian, bihar.

Artur Mas Generalitateko jarduneko presidentea. Argazkia: EFE
Artur Mas Generalitateko jarduneko presidentea.
Artur Mas: 'Lasai nago, Madrili aurre egiteko gogoekin'

0:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Generalitatearen jarduneko presidente eta CDCren buruak esan du "Madrili eta batere erraz jartzen ez duten hemengo alderdiei aurre egiteko gogoa" duela.

Artur Masek CDCren Bartzelonako egoitzan sartu aurretik egin ditu adierazpenok, CUPek ez duela babestuko iragarri ostean, aurrerantzean zer egin, hauteskundeak deitu ala ez, erabakitzeko bilera baino lehen.

Generalitatearen presidentea oinez iritsi da CDCren egoitzara, eta bertan zituen hedabide ugaritako kazetariak eta kamerariak.

CUPen erabakiaren eta Katalunian hauteskundeak aurreratzearen aurrean, kazetari batek Masi galdetu dio ea lasai dagoen, eta horrek, gelditu ere egin gabe, erantzun du "lasai" dagoela, baina "Madrili eta batere erraz jartzen ari ez diren hemengo alderdiei aurre egiteko gogoekin", CUPi erreferentzia eginez.

"Hauteskundeak martxoan?" galdetu diote Masi, eta jarduneko presidenteak "itxaron exekutibari" erantzun die.

Bihar, agerraldia

Artur Mas Generalitateko jarduneko presidenteak agerraldia egingo du astearte honetan, Kataluniako Gobernua bildu ondoren. CUPen betoa jaso eta gero agertoki politiko berria zehaztuko du Masek. CUPen babesik gabe Katalunian hauteskunde berriak egin beharko dituzte seguruenik.

CUPek presidente izendatzeko inbestidura saioan babestuko ez duela iragarri ondoren, astearte honetan aurreneko agerraldi ofiziala egingo du Masek Generalitateko Jauregian, Kataluniako Exekutiboaren iturriek jakitera eman dutenez.

CUPen kontseilu politikoaren erabakiaren ondoren, Junts pel Sik (CDC eta ERC) beste hautagai bat aurkeztu beharko luke. Urtarrilaren 10a baino lehen egiten ez baldin badu, Kataluniak hauteskundeak martxora aurreratu beharko lituzke.

CDCren zuzendaritzak bilera egin du gaur goizean eta beste presidentegai bat aurkezteko aukera baztertu dute alderdiko iturriek. ERCk erabakia arratsaldean hartuko du, zuzendaritza nazionalak egin beharreko bileran.

Beste presidentegai bat aurkeztea baztertu du Convergènciak

Josep Rull Convergènciako koordinatzaile nagusiak gaur iragarri duenez, haren alderdiak uko egin dio Artur Mas ez den beste Generalitaterako beste presidentegai bat aurkezteari: "Ez dugu Artur Mas inbestitzeko gure borondatea aldatuko".

Convergènciaren batzorde nazionalaren bileraren ostean egindako prentsaurrekoan, berriz ere Katalunian hauteskundeak egingo balira Junts pel Siren formula errepikatzearen alde hitz egin du "tresna irabazlea" izan zela argudiatuta. Bestalde, azpimarratu du Artur Masi dagokiola martxoan hauteskundeak izango diren ala ez esatea.

Bestalde, independentziara bidean abiatutako prozesuan "heldutasun" falta izatea egotzi dio Rullek CUPi: "Kataluniako presidentea bota nahi duten Estatuko botere faktikoen aliatu bihurtu da CUP. Nork esan behar zuen!".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Artur Mas albisteak