Politika -
Katalunia
ANC-k elkarretaratzeak deitu ditu, akordio independentista eskatzeko
Elkarretaratzeak bihar iluntzean egingo dira Bartzelonako Sant Jaume plazan (Kataluniako gobernuaren egoitza dago bertan) eta Gironako Vi plazan.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako Asanblea Nazionalak (ANC) elkarretaratzeak egingo ditu bihar "diputatu independentista guztiei akordio bat eskatzeko", Junts pel Sí (JxSí) eta CUPen arteko negoziaketek porrot egin eta Artur Mas Generalitateko presidente izatea baztertu ondoren.
Elkarretaratzeak bihar iluntzean egingo dira Bartzelonako Sant Jaume plazan (Kataluniako gobernuaren egoitza dago bertan) eta Gironako Vi plazan.
ANCk gogoratu nahi izan du Kataluniaren "independentzia politikoa erdiesteko" jaio zela, eta gaineratu du ez dela horixe bera lortu arte geratuko.
Biharko deialdiaren helburua da "diputatu independentista guztiei akordio batera hel daitezela eskatzea, irailaren 27ko hauteskundeetako emaitzetatik atera zen manua betetzeko".
"Indar politiko independentista guztiei" esfortzu bat egiteko eskatu diete "presidente bat izendatu eta gobernua osatu dezaten eta 'Errepublika Katalana' eratzeko prozesuari ekin diezaioten".
ANCren aburuz, Katalunia "garrantzi handiko unea bizitzen ari da eta guztion erantzukizuna da bakoitzaren eskuetan dagoen oro egitea aurrera egiteko, gaitzespenik gabe, eskuzabaltasunez eta herrialde-ikuspuntuarekin".
ANC erakunde independentista bat da, 35.000 bazkide inguru dituena. Berak, Òmnium Cultural erakundearekin batera, bultzatu ditu azken urteetan irailaren 11n egin diren manifestazio jendetsuak.