Politika -

Katalunia

Junts Pel Si eta CUP larunbat honetan bilduko dira, azkenekoz

Bi aldeek atzera bota dituzte ANCk egindako bi proposamenak: presidentegaia adosteko hautetsien asanblada bat osatzea edo hiru hilabete barru galdeketa bat egitea presidentea aukeratzeko.

Jordi Sanchez Kataluniako Asanblada Nazionaleko presidentea. Argazkia: EFE
Jordi Sanchez Kataluniako Asanblada Nazionaleko presidentea. Argazkia: EFE
Gaurkoan ere ez dute akordiorik lortu CUPek eta JxSk

0:24

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beste behin akordiorik gabe bukatu da Junts Pel Sik eta CUPek egindako bilera. Horrenbestez, eta larunbat honetan berriro batzartuko badira ere, Artur Masek astelehenean hauteskundeak deituko ditu.

Kataluniako Asanblada Nazionalak egin ditu bitartekari lanak eta erakunde soberanistaren egoitzan bildu dira arratsaldean. Larunbat honetako hitzorduan ezusteko handirik ez bada, Artur Masek astelehenean sinatuko du hauteskundeak aurreratzeko dekretua (martxoaren 6an izango liratekeela aurreratu zuen).

ANCren bi proposamenak

Junts Pel Siren eta CUPen ordezkarien arteko bilerak ordubete inguruko iraupena izan du. Amaieran ez dute adierazpenik egin nahi izan, baina Jordi Sanchez Kataluniako Asanblada Nazionalaren presidenteak agerraldia egin du batzarraren inguruko xehetasunak emateko.

Sanchezek berretsi egin du ez dela akordiorik izan eta Asanblada Nazionalak egindako bi proposamenak atzera bota dituztela bi aldeek. ANCk bi aukera jarri ditu mahai gainean: alde batetik, diputatu, senatari, alkate eta zinegotzien asanblada bat eratzea presidentegaia adosteko; eta bestetik, aldi baterako presidente bat aukeratzea eta hiru hilabetetan galdeketa bat egitea herritarrek behin betiko alkatea aukera dezaten.

Lehendabiziko kasuan, Artur Masek izango luke presidentetza, hautetsi gehienak CDCrena eta ERCrenak direlako. Bigarren kasuan ere Artur Mas izango litzateke presidentea, baina hiru hilabetetan herritarrek gobernuburu berria aukeratuko lukete.

Hala eta guztiz ere, Sanchezek esan du Junts Pel Siren eta CUPen arteko harremanak ez direla hautsi eta, beraz, oraindik itxaropena badagoela, “txikia bada ere”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniaren independentzia Gaurko azken ordukoa Kataluniako hauteskundeak Artur Mas argazkiak