Politika -
Katalunia
Junts pel Si eta CUP, bozak saihesteko azken orduko akordioaren bila
Kataluniako Parlamentuak igande gauerdia baino lehen izendatu behar du Generalitateko presidentea. Hala ez bada, Artur Masek astelehenean sinatuko du hauteskundeak deitzeko dekretua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Junts pel Sik eta CUPek azken ordura arte negoziatzen jarraituko dute, akordio bat lortu eta Katalunian hauteskundeak egitea saihesteko.
Legez, Kataluniako Parlamentuak igandera arteko epea du inbestidura saioa egin eta 23:59ak baino lehen Generalitateko presidentea izendatzeko. Hala, gaur, larunbata, deitu beharko lukete inbestidura saioa; besteak beste, diputatuak biharko saiora deitzeko nahiko denbora izateko.
Ostiralean akordiorik gabe amaitu zen Junts pel Sik eta CUPek, Kataluniako Asanblada Nazionalaren bitartekaritzarekin, egindako bilera.
Dena den, Junts pel Siko eta CUPeko ordezkariek ez zuten agerraldi publikorik egin nahi izan, hein handi batean, inbestidurari buruzko itunari ateak ez ixteko. Gaurko eguna dute "azken orduko" akordioa erdiesteko.
Negoziazioek ez atzera ez aurrera jarraitzen dute eta atzo ere ez zuten ados jartzea lortu, Josep Rull Convergènciako koordinatzaile nagusi eta Junts pel Siko negoziatzaileak atzoko eguna zehaztu bazuen ere akordiorako azken aukera gisa.
Larunbat honetan ezusteko handirik ez bada, Artur Masek astelehenean sinatuko du hauteskundeak aurreratzeko dekretua (martxoaren 6an izango liratekeela aurreratu zuen).
Jordi Sanchez (ANC): "Txikia bada ere, badago itxaropena oraindik"
Jordi Sanchez Kataluniako Asanblada Nazionaleko presidenteak ez du bukatutzat eman negoziazioa, baina onartu du gelditzen den bidea "oso motza" dela eta oztopoak, berriz, "zailak". "Txikia bada ere, badago itxaropena oraindik", gaineratu du.
Catalunya Radiori eskainitako elkarrizketan, Sanchezek aitortu du bi aldeak egoskortuta daudela eta ez daukatela beharrezko mugikortasunik akordiora heltzeko. Dena den, ukatu egin du "komedia" bat antzezten ari direnik.
Akordio ezak "prozesua kaltetzen duela" onartu du, gehiengo soberanista "eraikitzeko eta handitzeko" hilabeteak "alferrik galtzen" ari direla argudiatuta.
Hala eta guztiz ere, "egindako bidea oso sendoa" dela azpimarratu du eta, hauteskundeak berriz eginez gero ere, inolaz ere, ez dela prozesu subiranistaren amaiera izango.
ANCren bi proposamenak
Jordi Turull, Josep Rull, Raül Romeva y Marta Rovira Junts Pel Siren negoziatzaileek eta Eulàlia Reguant, Gabriela Serra eta Hugo Alvira CUPeko ordezkariek ordubete inguruko bilera egin zuten atzo ANCren egoitzan; ANC, Omnium eta Kataluniako Udalerrien Elkartea bitartekari zirela.
Amaieran ez zutene adierazpenik egin nahi izan, baina Jordi Sanchez Kataluniako Asanblada Nazionalaren presidenteak agerraldia egin zuen batzarraren inguruko xehetasunak emateko.
Sanchezek berretsi egin zuen ez dela akordiorik izan eta Asanblada Nazionalak egindako bi proposamenak atzera bota zituztela bi aldeek. ANCk bi aukera jarri zituen mahai gainean: alde batetik, diputatu, senatari, alkate eta zinegotzien asanblada bat eratzea presidentegaia adosteko; eta bestetik, aldi baterako presidente bat aukeratzea eta hiru hilabetetan galdeketa bat egitea herritarrek behin betiko alkatea aukera dezaten.
Lehendabiziko kasuan, Artur Masek izango luke presidentetza, hautetsi gehienak CDCrenak eta ERCrenak direlako. Bigarren kasuan ere Artur Mas izango litzateke presidentea, baina hiru hilabetetan herritarrek gobernuburu berria aukeratuko lukete.