Politika -
Autogobernuaren Lantaldea
EAEko etorkizun politikoa zehazteko ekarpenak egingo dituzte alderdiek
Proposamenenak Gasteizko Ganberan aurkeztuko dituzte gaur alderdiek, eta Autogobernuaren Lantaldean azalduko dituzte ostiralean.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadiren etorkizun politiko eta juridikoa zehazteko euren proposamenak aurkeztuko dituzte gaur Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoek.
Proposamenenak Gasteizko Ganberan aurkeztuko dituzte gaur, eta Autogobernuaren Lantaldean azalduko dituzte ostiralean. Hasiera batean, testuak aurkezteko azken eguna 2015eko abenduaren 29a zen, baina urtarrilaren 12ra arte luzatu zuten, PPk eskatuta.
Agiriak aurkeztu ondoren, Jone Berriozabal (EAJ) lantaldeko presidenteak alderdi bakoitzari igorriko dizkio asteazkenean, eta alderdi politikoetako ordezkariak batzordearen bileran azalduko dituzte ostiralean, Legebiltzarreko iturriek jakitera eman dutenez.
Adostasun zaila
Gainera, ostiraleko bileran akordioa bideratzeko pausoak edo metodologia zehaztea espero da. Dena den, adostasuna lortzea zaila izango dela ematen du; izan ere, talde politikoen arteko desadostasunak nabariak dira eta EAEko hauteskundeen gertutasunak (udazkena) ez du batere lagunduko.
Autogobernuaren Lantaldea 2014ko martxoaren 27an jarri zuten martxan, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Gernikako Estatutuaren “lorpenak eta egoera” aztertzeko helburua zuen batzordeak, “arauak eta prozedurak” kontuan hartuz.
Lehen fasea maiatzaren 27an bukatu zen, 30 bat adituk eta buruzagik (besteak beste, Jose Antonio Ardanza, Juan Jose Ibarretxe eta Patxi Lopez lehendakariek) agerraldia egin ondoren.
Ondoren, Berriozabalek txosten bat egin zuen eta alderdiei eman zien. Agerraldien laburpena egiteko testu honi beste txosten batzuk gehitu behar zaizkio. Erabateko autogobernuaren kostua (eskumen guztiak transferituta) aztertu zuen Eusko Jaurlaritzak horietako batean. Estatutua “ez betetzeak” dituen ondorio negatiboak zerrendatu zituen bertan Exekutiboak.
Alderdien proposamenak aurkeztu eta agiri guztiak mahai gainean jarritakoan, talde politikoak ados jartzen saiatuko dira.