Politika -

Atxiloketaren ostean

Zengotitabengoa espetxera bidali du epaileak Portugalen

Espainiarekin duten lankidetza goraipatu dute Portugalgo Justizia eta Barne ministroek, eta atxilotuak ETArekin zuen lotura agerian uzten duten "zantzu argiak" aurkitu dituztela gaineratu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Zengotitabengoa ETAko ustezko kideari aurreneurrizko espetxealdia ezarri dio gaur Lisboako Auzitegi Zentralak, epailearen aurrean deklaratu ostean. Zengotitabengoa ostegunean atxilotu zuten Venezuelara hegaldi bat hartzera zihoanean.

Auzitegiaren erabakiaren berri eman die Atxilotuaren abokatuak kazetariei. Terrorismoa egitea eta laguntzea egotzita auzipetuko du Auzitegiak Zengotitabengoa, otsailaren 4an, Obidosen aurkitutako lehergaien biltegiarekin zerikusia duelakoan.

Zengotitabengoa Terrorismoaren kontrako Poliziaren egoitzatik epaitegietara eraman dute. Bertan epaileak galdekatu eta espetxera bidali du, Justiziak Espainiari entregatu edo ez erabaki bitartean.

Portugaleko Gobernua

Bestalde, Portugal ETArentzat "portu seguru" bat ez izateko borondatea azaldu du gaur bertako Gobernuak, Zengotitabengoaren atxiloketa baieztatu ostean.

Espainiarekin mantentzen duten lankidetza goraipatu dute Alberto Martins Portugaleko Justizia ministroak eta Rui Pereira Barne ministroak, eta atxilotuak ETArekin zuen lotura agerian uzten duten "zantzu argiak" aurkitu dituztela gaineratu dute.

Portugalen ETAko kide gehiago diren "ziurtasunez" jakitea ezinezkoa dela esan du Barne ministroak, baina agintariek aukera guztiak kontuan dituztela erantsi du. Era berean, "Portugalen ekintza terrorista guztiak jazarriko" dituztela bermatu du.

Espainiako Justiziarekin eta Poliziarekin duten lankidetza ezin hobea goraipatu dute bi ministroek eta "azken bi edo hiru urteetan gero eta gehiago estutu" dutela azpimarratu du Pereirak, bai bi Estatuen artean zein Europar Batasunean.

"Eskura dituen baliabide guztiak" ETAri aurre egiteko erabiliko dituztela prometatu du Justizia ministroak.

Artxiboak

Zengotitabengoari atzemandako artxibo informatikoak aztertzen ari da Portugaleko Polizia. Atzerri eta Muga Zerbitzuetako iturrien arabera, ETAko ustezko kideak artxiboak dispositibo eramangarrietan zeramatzan, Portelako nazioarteko aireportuan atxilotu zutenean, Lisboan.

Gainera, Zengotitabengoak urtarrilaren 4an Obidoseko operaziotik ihes egin zuenetik erabili duen ezkutalekua bilatzen ari dira segurtasun indarrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea