Politika -
RADIO EUSKADIN, ELKARRIZKETA
'Arduraz' jokatzeko eskatu dio Arraizek Fernandezi
'Prozesuak banakakoa eta mailakatua izan behar du, baina erabaki kolektiboak kontuan hartuta, beti bezala', zehaztu du Sortuko buruzagiak, Radio Euskadin egindako elkarrizketan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
'Zuhurtziaz eta arduraz' joka dezala eskatu dio Hasier Arraiz Sortuko bozeramaileak Eusko Jaurlaritzari. Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzako idazkariaren hitzak atsekabez hartu ditu Sortuko presidenteak. Duen kargua izanik, ezberdinen arteko zubiak eraiki beharko lituzkeela iritzi dio.
Sortu eta Jaurlaritzaren artean ika-mika piztu da Auzitegi Nazionalean Segurako auziperatuen harira lortutako akordioaz, Fernandezek esandakoengatik; albiste ona zela, baina etsipena ere sortzen ziola esan zuen Bizikidetza idazkariak.
Sortuko presidenteak minduta eta haserre erantzun dio gaur. "Distantziakidetasunez" lan egiteko eskatu dio, eta arduraz eta zuhurtziaz jokatzeko. Halako adierazpenak egin beharrean, duen kargua izanda, akordiotarako erraztasunak bilatzen lagundu beharko lukeela esan dio Arraizek. "Fernandezena baino handiagoa da gure mina, gure etsipena eta gure sufrimendua", esan du.
Arraizek nabarmendu duenez, asteon, Auzitegi Nazionalean lortutako akordioa "mugarri" izan daiteke, etorkizunera begira "beste ate batzuk zabaltzeko".
"Gutxien espero genuenean eta gutxien espero genuen tokian, Auzitegi Nazionalean adostasunerako esparru bat topatu dugu. Esparru txiki bat, baina topatu dugu. Ezker abertzalea aspalditik pausoak ematen ari da aldebakartasunetik, gure herria bake eskenatoki batera eramateko. Horretan jarraituko dugu, baina aldebikotasuna behar beharrezkoa da, edo oso komenigarria, azkarrago joateko. Behingoz topatu dugu, Estatuak ez ezik, biktima elkarte batek bat egin duen akordio bat. Garrantzia berezia dauka. Etorkizunari begira beste ate batzuk ireki ditzake", esan du.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Arraizek esan du "kartzelak husteko garaia" dela, eta aro politiko berri honetan inork gehiago ez lukeela arrazoi politikoengatik kartzelaratua izan behar.
Akordioak ezker abertzalearen baitan ika-mika piztu duela ukatu egin du Sortuko buruzagiak.
Presoak
Presoen bidaia-orriari buruz galdetuta, Sortuko buruzagiak esan du presoek eurek erabakiko dituztela emango dituzten urratsak. "Prozesuak banakakoa eta mailakatua izan behar du, baina erabaki kolektiboak kontuan hartuta, beti bezala", zehaztu du. ETAren armagabetzearen inguruan, berriz, Arraizek esan du armak zigilatu ostean, arma horiek "suntsitzea" izango dela hurrengo urratsa, "nazioarteko begiraleen zaintzapean". Epeean inguruan ez du zehaztapenik eman.
Ezker abertzalearen azken egunotako adierazpenek eta erabakiek ez dutela azken hauteskundeetan koalizioak lortutako emaitza txarrekin inolako loturarik adierazi du.
Otegi
Arnaldo Otegiri buruz ere galdetu diote Arraizi. Onartu du berak Otegi lehendakarigai izatea nahiko lukeela hurrengo hauteskundeetan, baina erabaki hori koalizioari eta Otegiri berari dagokiela argi utzi nahi du.
"Oso pertsona inportantea da ezker abertzalearentzat, eta hala izaten jarraituko du, baina argi dago ezker abertzalea eta EH Bildu proiektu politiko gisa pertsona bat baino askoz gehiago direla", gaineratu.