Politika -
Agerraldia
Anzak ez duela kolperik eta bala zauririk esan du fiskalak
Anne Kayanakis fiskalak iragarri du auzia instrukzio epaile baten esku utziko duela, ETAko kideari gertatutakoa ikertzeko.
Erredakzioa
Anne Kayanakis Baionako fiskalak hedabideen aurrean azaldu duenez, Jon Anzaren gorpuak ez zuen lesio, bala zauri edo kolpeen arrastorik Tolosako kale batean aurkitu zutenean.
Anzari egindako lehen autopsiaren emaitzak zabaldu ditu Kayanakis-ek gaur arratsaldean. Bere esanetan, Anzaren osasun egoera "oso delikatua" zen aurkitu zutenean.
Azaldu duenez, Anzaren heriotza ikertzen jarraituko dute orain, eta "ikerketaren independentzia bermatzeko" argibide epaile bat eskatuko du Kayanakisek.
Bere hitzen arabera, "osasun delikatua" zeukan Anza eta horren ondorioz hil zen iazko maiatzean, Tolosako ospitale batean. Dena dela, fiskalak iragarri du instrukzio epaile baten esku utziko duela auzia, gertatutakoa iker dezan.
Autopsiaren nondik norakoak aste honetako bukeran edo hurrengoaren hasieran iragarriko dituzte.
Anzaren gorpuak lesio larririk ez zuela azpimarratu du prentsaurrekoan Kayanakisek. Birikietan arazo larri baten ondorioz zendu zela uste du Baionako fiskalak.
Horrez gain, iazko maiatzak 20an, bi guardia zibil Tolosako hotel batean izan zirela onartu du. Hala ere, Anzaren desagerpenarekin erlaziorik ez daukala uste du fiskalak, ETAko kide ohia 20 egun arinago Tolosako kale batean aurkitu baitzuten.
Bestalde, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gaur goizean egin duten autopsia "hamar hilabeteren buruan eginda dagoela" azpimarratu du ohar batean, baita "familiaren konfiantzako abokaturik gabe ere". Horregatik, "inongo zilegitasunik" ez diola ematen esan du erakundeak. "Anne Kayanakis fiskalari argi esan nahi diogu Jon Anza auzian gertatu den guztiaren arduradunetako bat bezala igaroko dela Euskal Herriaren historiara", gaineratu dute.
Autopsia
ETAko kide ohiari konfiantzazko medikurik eta abokaturik gabe egin diote autopsia Tolosako (Okzitania, Frantzia) Purpan ospitalean, nahiz eta familiak kontrakoa eskatu. Ikerketa zuzentzen ari den fiskalak ukatu egin du Anzari gaur egin dioten autopsian konfiantzako mediku batek eta abokatuak parte hartzea.
Jon Anzaren gorpuari froga toxikologiko gehiago egin behar zaizkiola jakitera eman du fiskalak. Senideen medikuari autopsian izateko baimenik eman ez diola azaldu du Kayanakisek, kasu mota hauetako "prozeduran aurrikusten" ez delako.
Hala ere, Tolosako Lege eta Auzitegi Medikuntzako zuzendariak eta zentroko bigarren arduradunak egin dute autopsia, eta bien gaitasuna eta sinesgarritasuna defendatu ditu fiskalak.
Hala eta guztiz ere, Anzaren senideek nahi dituzten egiaztapenak egin ahal izango dituztela adierazi du Kayanakisek, gorpua entregatzen dietenean. Fiskalaren arabera, hori "datozen egunetan" gerta daiteke.
Horren harira, ospitale parean bildu diren Anzaren senide eta lagunak protesta egiten ari ziren eta autopsia galarazten saiatu dira, baina Frantziako Poliziak sakabanatu egin ditu negar gasarekin.
Orain, familiak bigarren autopsia bat egiteko eskatuko dio Frantziari, gorpua Tolosako gorputegitik atera baino lehen. Goizean egin dioten autopsiaren emaitzak noiz ezagutuko diren ez dakite.
Senideetako batek jakinarazi duenez, protesta egiten jarraituko dute ospitaleko atarian, Anzaren gorpuarekin zer gertatuko den argitu arte.
Armak aurkitu dituzte hotel batean
El Mundo egunkariak gaur argitaratu duenez, zenbait guardia zibilek korrika eta presaka alde egin zuten Tolosako hotel batetik ETAk eta Jon Antzaren familiak desagerpenaren berri eman zuten egun berean. Guardia Zibilek hainbat pistola ahaztuta utzi omen zituzten hoteleko gelan.
Egunkari espainiarraren arabera, iazko maiatzaren 18an gertatu zen hori Tolosako Adaguio hotelean. Guardia zibilek korrika eta presaka alde egin zuten, eta gela garbitu behar zuten langileek aurkitu zituzten haien bi pistolak koltxoiaren azpian.
Herrizaingo Sailak atzo manifestazioaren datuak bidaliko ditu ANra
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak gaur iragarri duenez, Auzitegi Nazionalera igorriko dute atzo Joan Anzaren heriotza salatzeko Donostian egin zen manifestazioari buruzko txostena, deliturik izan ote zen argitzeko.
Bilbon emandako prentsaurrekoan, Ertzaintzaren buruzagiak esan du manifestazioan, dokumentu bat irakurri zutenean batez ere, oihu eta adierazpen "larriak" egin zituztela eta "baliteke delitua egotea horietan".