Politika -
ETAren hilketa Frantzian
Irudietako ustezko ETAko kideak Kataluniako suhiltzaileak dira
Generalitatearen ustez, ETAko ustezko kideak identifikatzeko Frantziak zabaldutako bideoan agertzen diren lagunak oporretan dauden Kataluniako suhiltzaileak dira.
Erredakzioa
Joan den astearteko hilketa argitzeko ikerketaren baitan, Frantziako Poliziak zabaldutako ETAko ustezko bost kideren bideoan agertzen diren pertsonak herrialde horretan oporretan dauden Kataluniako bost suhiltzaile dira eta Frantzian daude eskalada kirolak praktikatzen, adierazi du Kataluniako Barne Ministerioko kide batek.
Espainia eta Frantziako Segurtasun Indarrek atzo zabaldutako irudiak dira, joan den astearteko hilketa argitzeko ikerketaren baitan. Ustez, bideoan auto lapurretan eta Frantziako polizia baten hilketan parte hartu zuten ustezko ETAko kideak agertzen ziren.
Senideek identifikatu dituzte
Hedabideetan bideoa ikusi ostean, irudietan ageri diren bost gizonen senideek bost lagunak identifikatu eta Generalitateari jakinerazi diote gertatua. Konfirmazioa berehala etorri da, bideoko lagunak Generalitateko eta Bartzelonako suhiltzaileak dira.
Generalitateko Barne Ministerioa Frantziako Poliziarekin harremanetan jarri da.
Frantziaren baieztapena
Frantziak, ordea, irudietako pertsonak Kataluniako suhiltzaileak direla baieztatu du. Dena den, ikerketako informazio iturrien arabera, "biztanleriari egindako abisua" funtzionatu egin du, helburua irudietako pertsonak identifikatzea zelako.
Irudiak Frantziako poliziarekin tiroketa izan den inguruan dagoen supermerkatu bateko kamerak hartutakoak dira.