Politika -
ETAren hilketa Frantzian
30 urteko kartzela zigorra eskatuko du Sarkozyk ETAko kideentzat
Frantziako presidenteak iragarri du Segurtasun Indarren mobilizazioa "erabatekoa" izango dela ETAren aurka.
Erredakzioa
Joan den asteartean Frantziako polizia baten hilketan nasita izan ziren ETAko kideentzat 30 urteko derrigorrezko kartzela zigorra eskatuko duela iragarri du gaur Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak.
Dammarie-Les-Lys herrian iragarri duen proposamena da gaurkoa. Jean-Serge Nérin poliziaren familiarekin, lankideekin eta lagunekin izan da gaur goizean Sarkozy.
Horrez gain, datorren asteartean agentearen hileta-elizkizunak egingo dituztela aurreratu du. Besteak beste, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentea, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroa eta Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua bertan izango dira.
Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea zorrotz agertu da ETAren aurka, eta "terrorista espainiarrek" ez dutela "ikaratuko" Frantzia ohartarazi du. Estatuburuak iragarri du Segurtasun Indarren mobilizazioa "erabatekoa" izango dela ETAren aurka, eta jazarpena "gupida barik" egingo dutela.
Urrezko domina eman dio Espainiako Barne Ministerioak hildako jendarmeari, Polizia Nazionaleko Gobernu Batzordearen proposamena jaso ostean, Poliziako iturriek jakitera eman dutenez.
Ihes egindakoen bila
Bestalde, Frantziak polizia operazio handia abiatu du jendarmea hil zuen ETAko taldea atxilotzeko.
Oraingoz ez dago argi zenbat pertsonak hartu zuten parte gertatutakoan, baina agintariek uste dute 10 izan litezkeela, tartean emakumezko ilehoridun bat.
Poliziak atxilotutako bakarra Joseba Fernandez Aspurz, El Guindi, da.
Iturri ofizialak aipatuta EFE agentziak informatu duenez, Polizia Judizialak galdekatu egin du jada, baina hark "ETAko kideen ohiko jarrera" izan du uneoro, hau da, erakundeko kide dela aitortu du, baina uko egin dio beste deklaraziorik egiteari.
Halaber, "lekukoa izan litekeen" beste pertsona bat ere galdekatu dutela zehaztu dute.
Ikerketa, "bide onetik"
Brice Hortefeux Frantziako Barne ministroak azaldu du ikerketa "azkar" ari dela aurrera egiten.
Gaur goizean RTL irrati-katean egindako adierazpenetan, Hortefeuxek ohartarazi du ETAko kideak ez direla "luze" egongo ihesean, "ikerketa azkar ari baita aurre egiten" eta lekukoei esker "identifikatzen" ari baitira.
Ministroak ez du datu gehiago eman nahi izan ikerketari buruz, baina gertatutakoan ETA nahasita egon dela ia segurutzat jo du, hainbat zantzu baitituzte.
Minutu bateko isilunea Eusko Legebiltzarrean
Eusko Legebiltzarreko taldeek adierazpen instituzional bat adostu dute gaur goizean aho batez, eta Arantza Quiroga Ganberako presidenteak irakurri du saioa hasi baino lehen.
Adierazpenak gaitzetsi egiten du jendarmearen hilketa, eta "maitasuna, gertutasuna eta elkartasuna" adierazten die agentearen senideei eta lankideei.
Azkenik, gaitzespen ekitaldi guztietan parte hartzeko deia egiten die herritarrei.
Quirogak adierazpena irakurri eta gero, legebiltzarkideek minutu bateko isilunea egin dute.
Gertatutakoa
Terrorismoaren aurkako iturriek informatu dutenez, Poliziak ETAko lau kide atzeman zituen errepidean, auto lapurtua gasolinaz hornitzen zeudela (aldez aurretik kontzesionario batean ostu zuten).
Haietako bati (Joseba Fernandez Aspurz) esku-burdinak jarri eta gero, beste bi auto iritsi ziren hara, eta tiro egin zieten agenteei.
Tiroketaren ostean, Poliziak atxikita zituen ETAko lau kideetako hiruk ihes egin zuten (bat autoz eta beste biak oinez). Laugarrenak ezin izan zuen, esku-burdinak zituelako.
Ezker abertzalearen eskakizuna ETAri
Atzo, agintariek hilketa gaitzetsi zuten, tartean lehendakariak, Zapaterok eta Sarkozyk. Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiek ere berdin egin zuten.
Ezker abertzaleak ez zuen hilketa gaitzetsi, baina ETAri zuzendu zitzaion, eta "prozesu demokratiko bat garatzearen aldeko jarrera" berresteko eskatu zion.
Gainera, "Euskadi Ta Askatasunari (ETA) eta Espainiako eta Frantziako Estatuei bereziki" aipatu "prozesuaren aldeko konpromiso argiak eta zehatzak hartzeko" deia egin zien.