Politika -

INBESTIDURA

Gaur hasiko ditu PSOEk Gobernu berria osatzeko bilerak Kongresuan

Iturri sozialistek esan dutenez, 'gardentasun osoz' egingo dira bilerak, aurretik eta ondoren horien berri emanez. Halere, garbi utzi dute negoziazioak ez dire 'streaming bidez emango'.

Pedro Sanchez, Antonio Hernando eta Cesar Luena, atzo, Kongresuan. EFE.
Arratsaldean ekingo die elkarrizketei Pedro Sanchezek

0:59

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako presidente izateko PSOEren hautagaiak gaur arratsaldean abiatuko ditu Gobernu berria osatzeko bilerak, atzo Felipe VI. erregearen agindua jaso ondoren. Diputatuen Kongresuan egingo du bilera-erronda PSOEk, alderdi guztietako ordezkariekin. Antonio Hernando PSOEk Kongresuan duen bozeramaileak aurreratu duenez, baliteke larunbatera arte luzatzea bilerak.

Lehendabiziko hitzordua Ana Oramas Coalicion Canariako diputatuarekin du Sanchezek, 16:30ean. Ondoren, Oramasek prentsaurrean emango du bileran hitz egindakoaren berri.

Eguerdian, berriz, PSOEko diputatuekin, senatariekin eta eurodiputatuekin du bilera hautagai sozialistak; hemendik aurrerako bidaia-orria azalduko die guztiei, eta Espainian aldaketaren Gobernua osatzeko eman asmo dituen urratsak azalduko dizkie.

SER irrati-kateari egindako adierazpenetan, Hernandok ez du azaldu alderdiekin egingo dituzten bileretara sozialisten izenean zeintzuk joango diren.  Horren hitzetan, Kongresua da negoziazioei ekiteko lekurik egokiena, "guztiontzako neutrala" delako. Bilerak "gardentasun osoz" egingo direla ziurtatu du, aurretik eta ondoren horien berri emanez. Dena dela, argi utzi nahi  izan du negoziazioak ez dituztela "streaming bidez eskainiko", Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiak hasieran eskatu bezala.

'Ez da deskalifikaziotarako ordua'

Iglesiasek, atzo iluntzean, "hipokrita" deitu zion Sanchezi, Podemosekin eta Ciudadanosekin hitz egiteko borondatea agertu duelako. Hitzon aurrean, Hernandok erantzun du ez dela "deskalifikaziotarako eta betoak jartzeko ordua".

"Ez diogu inori betorik ezarriko, eta, era berean, ez dugu onartuko inork guri betoak jartzea, ulertezina litzateke. Borondate onenarekin hasiko gara hitz egiten", esan du. Espainiako herritarrek politikariei egoerak eskatzen duen maila ematea eskatzen dietela adierazi du.

Albert Rivera Ciudadanoseko buruak PPren abstentzioa bilatuko duela iragarri ondoren, Hernandok esan du Rajoyk berak jakingo duela "unea iristen denean" zer egin. "Dena dela, Rajoy jada iraganaz mintzo da. Bere aroa atzean geratu dela dirudi", esan du.

'Koalizioa ala inbestidura?'

Koalizioa edota inbestidura-akordioa zer nahiago duten galdetuta, Hernandok ez du horren inguruko argibiderik eman nahi izan. "Espainiarentzat proiektu bat adostea da garrantzitsuena, programa bat lortzea. Espainiarrei ez zaie Gobernuaren osaketa axola", esan du.

PSOEren zuzendaritzak militanteen babes zabala duela gaineratu du, eta atzo iluntzean "ilusio olatu" bat nabaritu zutela esan du. Hernandezen hitzetan, Sanchezek "PSOEko baroien babes osoa" ere badu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Politika PSOE Alderdi Popularra Alderdi politikoak albisteak Ciudadanos alderdia