Politika -

CIS

Podemosek aurrea hartuko lioke PSOEri eta PPk eutsi egingo lioke

CISek kaleratu berri duen inkestaren arabera, hauteskunde orokorrak berriro egingo balira, PSOEk eta Ciudadanosek, gutxi bada ere, behera egingo lukete, abenduaren 20ko emaitzekin alderatuta.

CISek kaleratu berri duen inkesta. Argazkia: EITB
CISek kaleratu berri duen inkesta. Argazkia: EITB
CISek kaleratu berri duen inkesta. Argazkia: EITB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Popularrak irabaziko lituzke berriro Espainiako Hauteskundeak, botoen % 28,8 eskuratuta. Beraz, abenduaren 20ko hauteskundeen emaitzei eutsiko lieke PPk, CIS ikerketa-etxeak gaur kaleratu duen inkestaren arabera.

Podemos izango litzateke bigarren indarra, PSOEri aurrea hartuta. Pablo Iglesiasen alderdiak botoen % 21,9 lortuko luke, abenduan baino (% 20,4) puntu bat gehiago.

PSOEk, berriz puntu eta erdi behera egingo luke: botoen % 20,5 eskuratuko luke. Ciudadanosek ere, oso gutxi bada ere, behera egingo luke, % 13,2ko babesarekin. Hamarren bat egingo luke behera, abenduko emaitzekin alderatuta.

Urtarrilaren hasieran egindako inkestaren emaitzak dira gaur kaleratutakoak: hala, besteak beste, Kongresua eratu edota Felipe VI. erregeak PSOEri Gobernua osatzeko agindu aurretik egin ziren galdeketak.

Halaber, duela gutxi PP berriro astindu duen ustezko ustelkeria kasua lehertzeko zegoen inkesta egin zenean.

Langabezia,  kezka nagusia

Langabezia da herritarren kezka nagusia, beste behin: galdetutakoen % 77,9rentzat lanik eza da, gaur egun, kezka nagusia. Halere, kezka horrek behera egin du duela hilabeteko datuak kontuan hartuta.

Ondoren, ustelkeria eta iruzurra ( % 39,2)  agertzen dira herritarren kezken artean, eta  hirugarren tokian, politikarien inguruko ezinegona ( % 23,4) ageri da.

Galdeketaren arabera, egoera ekonomikoak eragindako arazoen inguruko kezka baretu egin da, aurreko inkestarekin alderatuta.

Garzonek, notarik onena

Politikarien inguruan duten iritziari buruz galdetuta, notarik altuena Alberto Garzon Izquierda Unidaren bozeramaileak Kongresuan atera du; batez beste, 4,68 puntu eman dizkiote herritarrek Garzoni. Bigarren lekuan, 4,26 punturekin, Xavier Domenech En Comu Podemeko kidea dago, eta hirugarren, Ciudadanoseko Albert Rivera, 3,92 punturekin.

Pablo Iglesiasi 3,78ko nota jarri diote herritarrek, Pedro Sanchezi 3,75 eta Mariano Rajoyri 3,08.

Aurreko inkestan, Rivera izan notarik altuena jaso zuen politikaria, 4,98 punturekin. Sanchezek, berriz, 4,62 puntu jaso zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak PSOE Alderdi Popularra Hauteskunde orokorrak Espainian Alderdi politikoak berriak Ciudadanos Eguneko albisteak Eguneko albisteak Podemos albisteak