Politika -
EAJren Batzar Nagusia
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidente berrautatu dute, aho batez
Halaber, EAJren Batzar Nagusiak Euzkadi Buru Batzarreko 8 burukideak ere aukeratu ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJren Batzar Nagusiak aho batez berrautatu du Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidente. Batzar Nagusian boto eskubidea zuten 72 lagunek aldeko botoa eman dute.
Jeltzaleek asteburuan Iruñean egin duten Batzar Nagusiaren baitan gertatu da berrautaketa.
Ortuzar 2013ko urtarrilean izendatu zuten EBBko presidente, lehendakarigai izateko Iñigo Urkulluk dimisioa eman zuenean. Horrenbestez, beste lau urte egingo ditu karguan Ortuzarrek.
Ortuzarrekin batera, EAJren Batzar Nagusiak Euzkadi Buru Batzarreko 8 burukideak ere hautatu ditu: Koldo Mediavilla, Joseba Aurrekoetxea, Mikel Burzako, Ana Esther Furundarena, Mireia Zarate, Maria Eugenia Arrizabalaga, Iñaki Txueka eta Kepa Aldama.
Karguan berretsi ondorengo hitzaldian gobernagarritasuna hartu du ahotan buruzagi jeltzaleak. Ortuzarrek adierazi duenez, EAJ "ez da Madrilekin elkar ulertzeko beldur", baina "nor bere etxean eta bere etxetik".
"Inongo taburik gabe, denari buruz" hitz egiteko eszenatokia izateko itxaropena agertu du Ortuzarrek, Euskal Herriaren nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea, ere bai.
EAJ Nafarroarekin konprometituta dagoela esan du Ortuzarrek, eta "aurrerapenaren trenera igo eta bere etorkizunaren subjektu propio bezala definitu behar dela gaineratu du, Nafarroa nafarrek nahi dutena izen behar delako". Horren ildoan, gainerako lurraldeek bezala Nafarroak ere bere etorkizuna definitzeko gaitasuna izan dezan nahi duela nabarmendu du.
Testuinguru horretan, Euskadin estatus berri bat loratzear dela adierazi du, "euskal herritarrok sentitzen duguna legez aitortzeko: eskubide politikodun nazio bat garela, eta gure etorkizuna aske erabaki behar dugula".
"Herri txikiz osatutako herria gara, baina batez ere, pertsonez osatutako nazio bat gara. Hainbeste langabe dauden bitartean, geldirik izango den herrialdea. Bazterturik daudenak kontuan hartu arte, baztertuta jarraituko duena. Itxita egongo dena, kanpotik datozenei ateak ixten baldi badie..gure aberria hezur eta haragizkoa da, baina gure proiektu politikoak arima izan behar du", gaineratu du.
"Garai zailei aurre egin beharko diegu. Espainiako politika schock egoeran da, abenduaren 20ko hauteskundeen ondoren", agertu du. Jeltzaleen jarrera "gardena" dela azpimarratu du Ortuzarrek, ?gure lehentasuna Euskadi da. Ez gara Madrilekin elkar ulertzeko beldur, baina nor bere etxean eta bere etxetik. Pedro Sanchezi esan diogu gurekin gero hitz egin behar duela, bere gobernu formula erabakitzen duenean eta Espainiarako programa zehaztuta duenean?.
Euskal agenda
Horren ildoan, behin Espainiarako zehaztutako programa ezagututa, EAJk euskal agenda mahai gainean ipiniko duela gaineratu du Ortuzarrek: autogobernua, bakea, elkarbizitza eta krisitik ateratzeko aldaketak.
Guztiaz, "taburik gabe", hitz egiteko abagunea eskainiko duen eszenatokia izateko esperantza agertu du buruzagi jeltzaleak, oraindik aukera hori izatea zail ikusten badu ere.