Politika -

2011ko udal hauteskundeak

Batasuna bozetan ez egoteko neurriak aztertuko ditu gaur Gobernuak

Hain zuzen ere, zerrenda baten aurka egiteko epea luzatzeko eta ETA gaitzesten ez duten hautetsiei kargua kendu ahal izateko neurriak onartu nahi dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak hauteskundeetan legez kanpoko ezker abertzalearekin zerikusia duten zerrendak aurkeztea galarazteko hainbat neurri proposatzen dituen txosten bat aztertuko du gaur goizean.

Eztabaida apirilean helduko da Parlamentura, eta erreforma urtea amaitu baino lehen onartuko dute.

Barne Ministerioaren iturriek informatu dutenez, Alfredo Perez Rubalcaba buru duen sailak urtebete darama txosten hori lantzen, eta denbora horretan zenbait alditan hitz egin dute PPko ordezkariekin.

Bere aldetik, PPren iturriek zehaztu dute Rubalcabak Gobernuaren asmoen berri eman diola ostegun honetan Federico Trillo ''popularren'' Justizia bozeramaileari.

PPren esanetan, ministroak bermatu egin die "Zuzenbide Estatuaren baliabide guztiak" erabiliko dituztela "ETA eta haren ingurukoak" hauteskundeetan egotea galarazteko.

Atzo goizean, Candido Conde-Pumpido Estatuko fiskal nagusiak baieztatu egin zituen erreformak egingo dituztela, Batasuna ez egoteko hauteskundeetan ezta erakundeetan ere.

Neurriak

Gobernuak gaur aztertuko dituen neurriok helburu zehatza izango dute: Alderdien Legeak Batasunari uzten zizkien azken zirrikituak ezabatzea.

Adibidez, zerrenda baten aurka egiteko epea luzatu nahi dute. Orain, hauteskunde kanpaina hastean bukatzen da, baina kanpaina bera amaitu arte luzatu nahi dute.

Legez kanpoko alderdi batek zerrenda jakin baten alde bozkatzeko deia egiten badu edo kanpainan zerrenda batek legez kanpoko beste batekin harremanak dituela erakusten bada inpugnazioa egin ahal izatea da helburua.

Halaber, ETA gaitzesten ez duten hautetsiei kargua kendu ahal izateko mekanismoak onartu nahi dituzte. EAE-ANVko alkateen kasua litzateke, adibidez.

Mayor Orejaren hitzak

Hain justu, erreformen iragarpena Jaime Mayor Oreja PPko kideak ETA eta Gobernua negoziatzen daudela esan eta egun batzuetara etorri da.

Azken egunetan, haren adierazpenak gogor kritikatu dituzte Exekutibotik eta PSOEtik. Hori horrela, Zapaterok "gezur handia" dela esan zuen atzo.

PPtik erantzuna ezberdina izan da. Maria Dolores de Cospedal idazkari nagusiak esan du ez dutela ustezko negoziaketon frogarik, baina Mariano Rajoyk esan du Orejari entzun egin behar zaiola terrorismo gaietan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea