Politika -

Imelsa auzia

Barbera inputatzea eskatuko du Fiskaltzak, dirua zuritzea egotzita

Imelsa auzia ikertzen ari den epaileak Valentziako alkate ohia senataria dela egiaztatzeko eskatu dio goi ganberari.

Rita Barberá ikertzeko lehen pausua eman da

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak Rita Barbera Valentziako alkate ohia inputatzea eskatuko du dirua zuritzea egotzita, Cadena Ser irrati kateak gaur jakinarazi duenez.

Informazio horren arabera, fiskala akusazio idatzia prestatzen ari da PPko senatariak Valentzian atzemandako ustezko ustelkeria kasuarekin harremana izan dezakeelakoan.

Bien bitartean, Valentziako 18. zenbakiko instrukzio epaitegiak idatzia helarazi dio Senatuari Barberaren senatari kargua egiaztatu diezaion. Foruduna izaki, Auzitegi Gorenari dagokio epaitzea.

Senatuko Mahaiak gaur eguerdian egin duen bileran gaia aztertu du eta erabaki du ez dagokiola berari galdera erantzutea, alegia, Rita Barbera foruduna den ala ez esatea. Horrenbestez, Auzitegi Gorenari bidali dio Valentziako Auzitegiaren galdera Rita Barbera foruduna den ala ez erantzun diezaion.

Pedro Sanz Senatuko Mahaiko lehen presidenteordeak azaldu duenez, "ez dagokio Senatuari Valentziako auzitegiari erantzutea" Auzitegi Gorenari baizik. Gorenak diputatuen eta senatarien zerrenda gaurkotua izan ohi du eskuartean, izan ere, hari baitagokio horiek nahastuta dauden kasu oro eramatea.

Oraingoz, prozedura kontua baino ez da. Datozen egunetan, Senatuak bidalitako idatzia jasoko du Gorenak eta auzitegi horrek Rita Barbera foruduna dela erantzun beharko dio Valentziako Auzitegiari. Imelsa eta Taula auziak ikertzen ari den Valentziako 18. zenbakiko instrukzio epaitegiak delitu zantzuak daudela iritziz gero, Auzitegi Gorenaren esku utziko du gaia.

Orduan, erregu-eskaera egingo dio Gorenak Senatuari, behin-behinean Valentziako alkate ohiari forudun izaera kendu diezaion; ezinbesteko baldintza epaitua izan dadin.

Aurreko Valentziako Udala eta gobernua susmopean daude, kontratazioen truke ustez komisioak kobratzeagatik eta dirutza Valentziako Alderdi Popularra legez kanpo finantzatzeagatik.

Pedro Sanz Senatuko Mahaiko lehendabiziko presidenteordeak errugabetasun presuntzioa eskatu du Rita Barberarentzat eta zigorrak epaileek jartzen dituztela arrazoitu du eta ez hiritarrek edota hedabideek.

Rafael Hernando Alderdi Popularrak Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak adierazi duenez, edozein neurri hartu aurretik "itxaron" egingo dute. Dena den, azpimarratu du Barbera Taula auzian nahastuta badago, alderdiak haren kontrako neurriak hartzearen alde agertuko litzatekeela bera eta "azalpenak" ematea ere eskatuko lukeela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak Alderdi Popularra Ustezko ustelkeria politikoa Gaurko azken ordukoa