Politika -
Polemika
Mayor Orejaren hitzek "oinarriak" dituztela uste du Erkorekak
Bozeramaile jeltzaleak ziurtatu du PSEren eta ezker abertzalearen arteko "zubiak" ez direla inoiz "hautsi", eta bi indarrek oraindik ere hitz egiten jarraitzen dutela.
Erredakzioa
Josu Erkoreka EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak uste du Jaime Mayor Oreja PPko kidearen hitzek "oinarriren bat" dutela, Barne ministro ohia "ondo informatuta" baitago terrorismoaren aurkako borrokarekin zerikusia duten gaietan.
Duela aste batzuk, Espainiako Gobernua eta ETA berriro negoziatzen daudela ziurtatu zuen Mayor Orejak.
Hori horrela, Erkorekak gaineratu du PSE-EEren eta ezker abertzalearen arteko "zubiak" ez direla inoiz "guztiz hautsi". Are gehiago, bi indarren artean oraindik ere hitz egiten daudela iritzi dio.
Europa Press agentziak egindako elkarrizketa batean, diputatu jeltzaleak esan du Orejak horren adierazpen esplizitua egin badu, "oinarriak" dituelako izango dela.
Bere esanetan, gainera, ez da "kasualitatea" PPko kidearen hitzak eta Alderdien Legearen erreforma iragarpenak aldi batera etorri izana. "Ez dut kasualitateetan sinesten, eta are gutxiago espainiar politikagintzan Euskadirekin zerikusia duten kasualitateak gertatzen direnean", gaineratu du.
Europako Parlamentuaren adierazpena
Brian Currin nazioarteko bitartekariak Europako Parlamentuan sustatutako adierazpenari dagokionez, Erkorekak aitortu egin du "garrantzitsua" dela sinatu duten pertsonen maila dela eta.
Dena dela, bere ustez Espainiako Gobernua eta ETA ez dira gai gaur egun adierazpenak eskatzen dizkien urratsak egiteko.