Politika -

EAJk Bilbon ospatuko du

Lehendakariak Aberri Eguna ez ospatzea kritikatu du EAJk

Andoni Ortuzar BBBko presidenteak gogorarazi du aurten lehen aldia izango dela 1937tik lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza ez direla Aberri Egunean izango.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar Bizkaiko EAJko presidenteak igandean Aberri Eguna ez ospatzea aurpegiratu dio gaur Patxi Lopez lehendakariari, eta haren nazioa "beste bat" dela eta, hortaz, haren eguna ere "beste bat" dela eta "Madrilen" ospatzen duela gaineratu du.

Igandean EAJk egingo dituen ekitaldien aurkezpenean, Ortuzarrek gogorarazi du aurten lehen aldia izango dela 1937tik lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza ez direla Aberri Egunean egongo.

Horrenbestez, Patxi Lopez "denen lehendakaria" izaten ikustea gustatuko litzaiokeela esan du.

"Lehendakariak egun hori ospatzea eta aldarrikatzea gustatuko litzaiguke, PSE-EEk 42 urtez Eusko Jaurlaritzarekin eta beste indar politikoekin batera erbestean egin bezala", nabarmendu du.

EAJren ekitaldiak

Ortuzarrek azaldu duenez, EAJk "Euskadi eraikitzen" lelopean egingo ditu aurten Aberri Egun ekitaldiak, Euskadi "nazioa" dela eta "askatasunean haren etorkizuna erabakitzeko eskubidea" aldarrikatzeko xedez.

Igandean, EAJk Bilboko Plaza Barrian egingo du ekitaldia, eta besteak beste, Iñigo Urkullu EBBko presidentea izango da bertan. Aldez aurretik, bazkaria egingo dute 1.500 pertsonarekin batera.

Bezperan, hots, larunbatean, hamarka menditan ekitaldiak egingo dituzte, ikurrina jartzeko.

ETA

Aberri Egunean ETAk agiria kaleratuko duela edo ez duela, Ortuzarrek esan du "haren azken agiria" baino ez dutela espero, hau da, "dena amaitu dela" esan duena.

"Agiria kaleratzen badu eta azkena bada, ongi etorria izan dadila, baina ez bada argia edo su-etena egiteko baldintzak jartzen baditu, ez luke baliorik izango".

Eusko Jaurlaritzaren inkesta

Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazitako inkestari dagokionez (herritarren %48k EAJ hurrengo hauteskundeetan agintera itzuliko dela uste dutela dioena), buruzagi jeltzaleak esan du alderdiak zapore "gazi-gozoa" duela.

"Gozoa, datu hori suspergarria delako alderdiarentzat, eta gazia, Jaurlaritzak bizkarra ematen diolako gizarteari", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea