Politika -
EAJ-rekin kritiko
Ez diola utziko biktimekin kanpaina egiten esan dio Sortuk Urkulluri
Arnaldo Otegi espetxetik irten ondotik, etorkizunaren beldur ikusten du ezker abertzaleak Lehendakaria.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak beldurtuta ikusten du Iñigo Urkullu lehendakaria Arnaldo Otegi espetxetik irten denetik, eta beldur horren aurrean ezker abertzaleak ohartarazi dio ez diola utziko biktimen kontura kanpaina egiten.
Lehendakariak Michelin enpresaren Gasteizko lantegira atzo egin zuen bisitan, ETAren terrorismoaren gainetik Euskadin jarraitzeko konpromisoari eutsi zieten enpresak eta enpresaburuak izan zituen gogoan. Halaber, aipamen berezia egin zion Luis Abaitua ETAk 1979an bahitu zuen Michelineko Gasteizko lantegiko zuzendari ohiari; hain zuzen ere, bahiketa horretan parte hartzeagatik sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten Arnaldo Otegiri.
Donostian eskainitako prentsaurrekoan Barrenak kritika gogorrak egin ditu Urkullu lehendakariaren aurka. Barrenak biktima guztiak ez gogoratzea leporatu dio eta, aldi berean, Rafa Diez Usabiaga ez aipatzea aurpegiratu dio Bateragune auziagatik kartzelan jarraitzen duen bakarra eta Michelineko langilea.
Barrenak adierazi duenez, Sortuk ez du onartuko Urkulluk biktimen kontura kanpaina egitea eta ezta EAJk ezker abertzalearekiko erakusten duen balizko nagusitasun morala ere.
Bestalde, ezker abertzalearen ilegalizazioarekin eta Alderdien Legearekin jeltzaleak "pozarren" izan zirela nabarmendu du. Estatu indarkeriaren gainean autokritika egiteko eskatu dio Sortuk EAJri. Aldi berean, EAJ presoen sakabanaketa politikaren bazkide sortzailea ere izan zela ziurtatu du Barrenak.