Politika -

Gobernuaren osaketa

Akordioa ez duela negoziatuko helarazi dio EAJk PSOEri eta C'si

Aitor Estebanek azaldu duenez, EAJk ezin du "erabakitzeko eskubidea alderatuta utzi duen dokumentu" baten gainean negoziatu.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaleak jakinarazi egin die gaur, osteguna, PSOEri eta Ciudadanosi ez duela Pedro Sanchezen inbestidurarako adostu zuten testua abiapuntu hartuta negoziatuko.

Estebanek esan du "adeitasunez" bildu direla gaur, ordu erdiz, eta nabarmendu duenez, martxoaren 8an bi alderdiek EAJri bidalitako gutunagatik batzartu direla.

Diputatu jeltzalearen arabera, EAJk ezin du "erabakitzeko eskubidea alderatuta utzi duen dokumentu" baten gainean negoziatu. Gainera, esan du "neozentralizazio kutsua dariola" akordioari "autonomien Estatua bera ere zalantzan jartzen duten xedapenetan".

Estebanek, bestalde, azaldu du EAJren erabakia azaltzen duen dokumentua eman diela PSOEri eta Ciudadanosi; "eztabaida eta EAJrekin negoziazio prozesua abiaraztea ezinezko egiten du".

Hori dela eta, Andoni Ortuzarrek gidatutako alderdiak eskatu die PSOEri eta Pedro Sanchezi aldebiko negoziazioa hastea "oinarri berri batetik abiatuta, zerotik hasita, asmo eta borondate onenarekin".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Albisteak PSOE Ciudadanos alderdia Gaurko azken ordukoa