Politika -

Lege berria

Eusko Legebiltzarrak Udal Legea onartu du

EAJ eta EH Bildu alderdien babesa izan du. Legearen kontrakoek, bestalde, gainerako alderdiak baztertu izana leporatu diete bi alderdi horiei.

Eusko Legebiltzarra
Eusko Legebiltzarra
Udal Legea onartu du Legebiltzarrak, 35 urteren buruan

1:31

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak EAJ eta EH Bildu alderdiek hitzartutako Udal Legea onartu du, gainerako alderdiek kontrako boza eman duten heinean. Lege horrek dakarren berritasun nagusienen artean honako hau dago: udalek hitza eta botoa izango dutela Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan, eurei eragiten dieten gaien gainean.

Aurreikusten zenez, bi alderdiek bat egin eta onartu egin dute Udal Legea bezala ezagutzen dena; dena dela, izapidetze-jardunbideetan zehar izena aldatu diote eta Euskadiko Toki Erakundeen Legea izatera pasatu da.

Lege hori indarrean jartzeaz batera, udalek Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan ahotsa izateaz gain (orain arte bezala), Euskadiko hiru eskumen mailen artean baliabideak banatzeaz arduratzen den organoan bozkatzeko aukera ere izango dute.

Beste gai batzuen artean, araudi berriak Gizarte-larrialdietarako Laguntzeei buruzko hainbat alderdi arautzen ditu. Laguntza horien aurrekontua Eusko Jaurlaritzari dagokio, baina udalek kudeatzen dute.

Zentzu horretan, Gizarte-larrialdietarako Laguntzen hasierako kopurua gaindituz gero, Jaurlaritzari egokituko zaio gainditze horretatik eratorritako gain-kostuaren ehuneko jakin bat ordaintzea, ardura hori ez dadin izan udalena bere osotasunean.

EH Bilduren kalkuluen arabera, Eusko Jaurlaritzak 3,8 milioi euroko laguntza gehigarriak onartu beharko ditu laguntza horietara bideratzeko.

Araudiaren azken onarpeneko eztabaidan zehar, haren alde agertu diren taldeek biltzen duen babes politiko eta instituzional handia azpimarratu dute; izan ere, EAJk eta EH Bilduk Euskadiko udalen % 80 zuzentzen dituzte.

Alabaina, Legearen kontrakoek, bestalde, gainerako alderdiak baztertu izana leporatu diete bi alderdi horiei, baita udalen benetako beharrizanei erantzuten ez dien lege "txar" bat onartu izana ahalbidetzea ere.

EAJ alderditik, Joseba Zorrillak legeari “zilegitasuna kendu nahi dioten” alderdiak kritikatu ditu, bi alderdiren babesa izategatik; aitzitik, arauak zilegitasun politiko handia duela defendatu du.

EH Bilduko Dani Maeztuk “lege ona” dela azpimarratu du, eta Madrilgo murrizketen aurrean euste-horma bat dela. EAJrekin lortutako hitzarmena defendatu du. Bestalde, bere ustez, PSE-EEk “ez du onartzen” EH Bilduk “handira jokatu eta irabazi izana”.

José Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileren esanetan, ordea, “lege txar bat da, tokiko esparruarekin oso errespetu gutxi duena, eta gehiago da Aldundien aldekoagoa Udalen aldekoagoa baino”, bere aburuz, “udalak erakundeen esparruko familiarteko txiro gisa mantentzen baititu”.

PP alderdiko Laura Garridok uste du legea berandu datorrela eta txarra dela. Haren esanetan, interes alderdikoei erantzuten die, eta beste alderdiekin adostasunik bilatzeko ahaleginik ez dela egin azpimarratu du.

Azkenik, Gorka Maneirok (UPyD) “oso atzerakoia” dela adierazi du, “ez duelako ekarpen garrantzitsurik egiten” eta, azpimarratu duenez, behar dena da “egitura instituzionala berriztatzea”.

Bozketaren ostean, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkoreka pozik agertu da, eta uste du Euskadiko udalek Espainiakoek baino toki autonomia gehiago izango dutela.

Bere aldetik, Imanol Landa Euskal Udalen Elkarteko (Eudel) presidenteak adierazi duenez, legearen onarpena “bere auzotarren bizi-kalitatea hobetzearen alde egunero-egunero lan egiten duten zinegotziei eta alkateei” egiten zaien “omenaldi garbia da”.

Udalbitzako Luis Itxauspe presidentea ere eztabaidan egon da, eta nabarmendu du “akordio garrantzitsu hori” udalei eskumen berriak ematen dizkiela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra argazkiak Alderdi politikoak berriak EH Bildu Bizkaia Eguneko albisteak Albisteak EUDEL gaur