Politika -
Buenos Aireseko epaitegiak
Frankismoko krimenak auzitara eraman dituzte Argentinan
"Diktadura frankistako biktimek" pixkanaka kereilarekin bat egitea espero dute erakunde humanitarioek eta Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel Sariak.
Erredakzioa
Argentinako eta Espainiako erakunde humanitarioek, Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel Sariarekin batera, Francisco Francoren diktaduran egindako krimenak auzitara eraman dituzte gaur Buenos Aireseko epaitegietan.
Salaketa Maria Servini de Cubria epaile federalaren eskuetan geratu da, auzi-jartzaileen bozeramaileek Efe albiste-agentziari jakitera eman diotenez.
"Diktadura frankistako biktimek" pixkanaka kereilarekin bat egitea espero dute erakunde humanitarioek eta Adolfo Perez Esquivel argentinarrak.
"Genozidio eta gizartearen aurkako delituengatik" jarri dute "kereila kriminala" eta 1936ko uztailaren 17tik 1977ko ekainaren 15era arte doan aldia hartzen du, Servini de Cubria epailearen aurrean aurkeztatutako testuaren arabera.
"Errepublikaren aldeko espainiarrak beldurtzeko plan sistematiko eta orokor bat izan zen" Espainian, demandaren esanetan, "ordezkari nagusiak fisikoki ezabatuz".
Fusilamenduak
Severino Rivas Barja bere aitaren fusilamendua salatu du Dario Rivas Candok. Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkartea ordezkatzen du Rivasek. Severino Rivas Barja 1936an hil zuten Castro de Reiko (Lugo) alkate zenean.
Era berean, bere senitartekoen aurkako zenbait krimen salatu ditu Ines Garcia Holgadok, besteak beste, Elias Garcia Holgado osabaren hilketa 1937an. Lumbraleseko alkatea eta Salamancako diputatua zenean espetxean sartu zuten.
Argentinako Elkarte Galiziarren Federakundeak eta Argentinako diktaduraren (1976-1983) Atxilotu eta Desagertuen elkarteek, besteak beste, kereilarekin bat egin dute.