Politika -

Kataluniako Estatuta

Gaur jarraituko du Konstituzionalak Estatutuaren azterketarekin

Herenegun gertatu zen bezala, atzoko saioa akordio barik amaitu zen eta gaur jarraituko dute azterketarekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak PPk Kataluniako Estatuta-ri jarritako helegitea aztertzen jarraituko du gaur, asteazkeneko eta atzoko bilera akordio barik amaitu eta gero.

Atzoko eztabaida 10:00etan hasi zen, baina antza denez, ez zuten testuaren gaineko akordiorik lortu eta epaileek eztabaida uztea erabaki zuten. Gaur ekingo diote berriro ere eztabaidari.

Gaurko egunari begira aukera ezberdinak daude: Baliteke bozketa egitea eta sententzia onartzea edo Perez Veraren proposamena atzera botatzen badute gehiengoz, baliteke txostengilea aldatzea. Era berean, baliteke gaur berriro ere botaketarik ez egitea eta datorren astean eztabaidarekin jarraitzea, Auzitegiko iturriek jakinarazi dutenez.

Hamar epaileek 15 artikulu inguru indargabetzen dituen eta beste 20 interpretazioen arabera mugatzen dituen zirriborroa dute mahai gainean.

Dena dela, oraindik Herriaren Defendatzaileak eta Valentziako, Aragoiko, Errioxako, Balearetako eta Murtziako erkidegoek aurkeztutako helegiteak ere aztertu behar dituzte, puntu askotan PPk jarritakoaren antzekoak badira ere.

Asteazkeneko saioan, behin betiko epaia adosten saiatu ziren (hiru urte daramatzate eztabaidatzen), baina osoko bilkura zatituta dago eta oso zaila da akordioa lortzea.

Hori dela eta, gaur akordioa lortuko balute, seguru aski erabakia baino ez lukete jakinaraziko, eta ondoren boto partikularrak idatziko lituzkete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea