Politika -

EBAZPENA

Kukutzako istiluengatik zigortutako 19 gazteetatik 18, absolbituta

Bederatzi hilabeteko espetxe-zigorra eta 84.000 euroko isuna ezarri zien 19 gazteei Bilboko Auzitegiak, iazko urrian. Orain, Bizkaiko Auzitegiak bat  izan ezik gainerako guztiak absolbitu ditu.

Kukutzarekin Elkartasun Taldeak goizean eman duen prentsaurrea.
Kukutzarekin Elkartasun Taldeak goizean eman duen prentsaurrea.
Kukutzarekin Elkartasun Taldeak goizean eman duen prentsaurrea.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Absolbitu egin dituzte Kukutzako istiluengatik zigortutako 19 gazteetatik 18. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak kaleratu du ebazpena. Horren arabera, gazteotatik bakarra zigortu dute, baina, horri ere, bederatzi hilabetetik laura jaitsi diote espetxe-zigorra. Bilboko Rekalde auzoan zegoen Kukutza gaztetxea 2011ko irailaren 23an hustu zuen Ertzaintzak, eta istilu larriak izan ziren. Dagoeneko, hiru epaiketa egin dira, gertakari horiekin lotuta

2013ko azaroan, Kukutzako istiluetan parte hartu zuen ertzain bat zigortu zuen Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, gazte bati egindako erasoagatik. Ondoren, beste bi epaiketa egin dira, gaztetxea hustu zenean eta ondorengo egunotan egindako protestetan izandako istiluengatik. Kukutza hustu zen eguneko istiluekin lotuta, 23 gazte epaitu zituzten, eta guztiak, bat izan ezik, absolbitu egin zituzten. Ertzaintzari eraso egitea egotzita, gazte bati hiru urteko espetxe-zigorra ezarri zioten. Epaia errekurritu egin zuen zigortutako gazteak Lurralde Auzitegian, eta ebazpenaren zain dago. Manifestazioetan izandako gertakariengatik, berriz, iazko urrian, 19 gazte zigortu zituen Bilboko Auzitegiak, desordena publikoak egotzita; bederatzina hilabeteko espetxe-zigorra eta 84.000 euroko isuna ezarri zien. Epai hori ere errekurritu egin zuten, eta, orain, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak bat izan ezik gainerako denak absolbitu egin ditu. Zigortutako bakarrari lau hilabetera jaitsi diote kartzela-zigorra.

Kukutzarekin Elkartasun Taldeak eman du Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren ebazpenaren berri, goizean hedabideen aurrean egindako agerraldian. Salatu duenez, Bilboko Auzitegiaren epaia "manifestazio eskubidearen kontrakoa" izan  zen, eta "soilik, poliziaren lekukotzak kontuan hartuta" zigortu ziren 19 gazteak. Kukutzako istiluetan "poliziak erabilitako indarkeria" gaitzetsi du, berriro, Kukutzarekin Elkartasun Taldeak. Horren hitzetan, Rekaldeko gertakariak izan eta hilabete batzuetara "Iñigo Cabacas hil zuten pilotakadaz" eta "hedabide hegemonikoek" gertatutako guztiaren aurrean "Rodolfo Ares orduko Barne sailburuaren gezurrak estali zituzten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Epaiketak argazkiak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Gazteak