Politika -

Polemika

Bakerako Hezkuntza Plan berria babesteko eskatu dio PSEk EAJri

Jose Antonio Pastorrek iragarri du adostasun batera heltzeko ahalegina egingo dutela, baina planaren edukia aldatuko ez dutela. EAJ, Aralar eta Eusko Alkartasuna kontra agertu dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Pastor PSEk Legebiltzarrean duen bozeramaileak Eusko Jaurlaritzak "Elkarbizitza Demokratikorako eta Indarkeriari Zilegitasuna Kentzeko" plana babesteko eskaera luzatu dio EAJri. Apirilaren 27ko Gobernu-bilera egin artean, adostasuna bilatzeko ahalegina egingo dutela iragarri du; "baina ez dugu oinarrizko edukia aldatuko", ohartarazi du.

EAJk, Aralarrek eta Eusko Alkartasunak dagoeneko plan horren aurkako jarrera erakutsi dute. EAJk txostena Eusko Jaurlaritzara bueltatzeko ere eskatu du. ETAren biktimek euren testigantzak ikastetxeetan ematea da plan horren ardatz nagusia. Pastorrek uste du EAJ "atzera" egingo duela. "Ez diote beldurrik izan behar hemen gertatu denari buruzko testigantzak ikastetxeetan emateari; hemen gertatu dena ez ahaztea da helburua", azpimarratu du. Horrez gain, "helburua ez da biktimak mendeku asmoarekin, gorrotoarekin edota justizia eskatzera joatea; helburua euren esperientzia konta dezatela baino ez da", azaldu du. Ildo horretan, ETAren biktimez gain, GAL edo Batallon Vasco Español bezalako taldeenak ere joango direla nabarmendu du. Horrenbestez, plan horren atzean interes alderdikoirik ez dagoela adierazi du. Hilaren 27ko Gobernu-bileran egitasmoa adostasun zabalik gabe onartzen bada, indarrean jartzea "zailagoa" izango dela onartu du Pastorrek, baina ardura planarekin bat egiten ez dutenena izango dela iritzi dio.

PP: "Planak aurrera egingo du, fanatismoari aurre egiteko ezinbestekoa delako"

Antonio Basagoiti Euskadiko PPren presidenteak esan du Bakerako Hezkuntza plan berriak "aurrera" egingo duela, "Euskadin bakean bizitzeko eta fanatismoari aurre egiteko ezinbestekoa delako".

Hori bai, Basagoitik onartu du edukia dela eta bere alderdiaren baitan "desadostasunen bat" egon badagoela, baina Alderdi Popularrak plana aurrera eramateko "azkeneraino" lagunduko duela azpimarratu du. ETBn egindako elkarrizketa batean, Mikel Aranak (EB) kritikatu du "zuzenketak aurkeztu ala ez, hilaren 27an egitasmoa onartu" egingo dutela PSEk eta PPk. "Ez dute negoziatzeko aukerarik eskaintzen eta hori ez da bide egokia", erantsi du.

Horrez gain, Aranaren ustez, "hezkuntzan eta ikastetxeetan eragina duten gaiak konplexuak dira eta adostasun zabala eskatzen dute".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea