Politika -
Iruzurraren aurkako borroka
Aldundiek eta Jaurlaritzak zordunen zerrendak argitaratu nahi dituzte
Iruzurraren aurkako Borrokaren Batzordeak onartu du baterako plana, zeina Legebiltzarrean aurkeztuko duten maiatzaren hasieran. Hiru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza Batzordean daude.
Agentziak | Erredakzioa
Iruzurraren aurkako Borrokaren Batzordeak onartu du Iruzurraren aurkako Borrokaren Baterako indarrean dagoen ekitaldirako Plana, zeina Legebiltzarrean aurkeztuko duten maiatzaren hasieran eta non, besteak beste, zordunen zerrendak argitaratzea proposatzen duten.
Hiru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza aipatu Batzordean daude. Hiru atal ditu euskarri plan honek: informazioa lortzeko jarduerak, prebentzio-ekintzak eta erregularizazio eta kobrantzari dagozkienak.
Informazioa erdiesteko jardueretan, honako hauek aurreikusten dituzte: zerga-administrazioen arteko informazio-trukearen prozedurak sendotu, garatu eta indartzea; irabazi-asmorik gabeko erakunde eta fundazioei informatzea galdegitea; eta turismo- eta higiezin-alokairuen harirako informazioa lortzeko jarduerak abiatzea.
Zordunen zerrendak argitaratzea
Planak aurreikusten dituen jarduera prebentiboen artean, zordunen zerrendak argitaratzea dago, bai eta kutxa erregistratzaileak kontrolatzeko sistemak erabiltzea; azken neurri hori proposatzen dute eskudirutan ordaintzea oso ohikoa den sektoreetarako.
Erregularizazio- eta kobrantza-jardueretan, beste hainbat neurri biltzen ditu planak; besteak beste, elkarteen taldeek Euskadiko zerga-ordainketaren murrizketak sortzen dituzten operazioen kontrola. Operazio horiek bi bide erabiliz gauzatu ohi dira: egitura maltzurren bidez, ala taldearen erakundeen arteko eragiketak merkatuan ez baloratuz, batez ere eragiketak egiten badira zerga-ordainketa txikiko lurraldeetan, bai eta zerga-ordainketarik gabekoetan.