Politika -

iruñea

Istiluak NUPen, Foruzaingoak manifestarien kontra jo duenean

Ikasle Abertzaleek jakitera eman dutenez, gutxienez bi pertsona atxilotu dituzte, eta horietako bat zaurituta dago. NUPeko Zuzendaritzak Foruzaingoaren presentzia defendatu du.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foruzaingoa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) kanpusean sartu da, Iruñean, ikasleen protesta bat desegiteko, eta Ezkerrak eta LABek salatu egin dute lekuz kanpo egon dela oldarraldia, eta lehenak Barne kontseilariaren agerraldia exijitu du. Ikasle Abertzaleek, gainera, bi atxiloketa izan direla jakinarazi dute.

 

NUPeko Asanbladak deitutako elkarretaratzean izan dira istiluak, bart hainbat ikaslek itxialdia egin ostean.

Mobilizazio horiekin, "matrikulen erreformaren onarpena atzeratzeko" eta "negoziatzeko eta erreferenduma antolatzeko" eskatu nahi izan diete Gobernu Kontseiluaren Osokoari eta Errektore Taldeari.

Horretarako, gaurko elkarretaratzea Gobernu Kontseiluaren bileraren ordu berean egin dute. Baina Foruzaingoa bertaratu eta protesta desegin du.

LAB sindikatuak ere kritikatu du agenteen eskuhartzea, eta prentsa-ohar batean galdetu du ea nork eman dien kanpusean sartzeko baimena, ea hori den "errektoreak arazoak konpontzeko" aukeratu duen bidea, eta ea hori den "NUPen adierazpen askatasunak izango duen etorkizuna".

Foruzainen presentzia justifikatu du NUPek

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Zuzendaritzak Foruzaingoaren presentzia defendatu du Arrosadiako campusean, foruzainek Gobernu Kontseiluko kideak zentroan sartzea ahalbidetu dutelako, ehun bat ikaslek eragotzi ondoren.

“Ikasleriak nahi dituen aldarrikapenak egiteko eskubide legitimoa du, baina ez goizeko ekintza bezalakoen bidez erakundeen jarduera oztopatzeko; izan ere, Gobernu Kontseiluko kideen sarrera fisikoki eragotzi dute eta Alfonso Carlosena errektorearen aurka ahozko indarkeria erabili dute”, salatu du Zuzendaritzak agiri batean.

Istiluak gaitzetsi dituzte zentroko arduradunek. Ikasleen aldarrikapenei dagokionez, elkarrizketarako borondatea berriro agertu du Zuzendaritzak. Martxoaren 1etik ikasleen ordezkariekin zortzi aldiz bildu dela gogorarazi du. Bilera horietako batean Alfonso Carlosena errektoreak parte hartu zuela gaineratu du.

Azkenik, Gobernu Kontseiluaren ohiko bilera egin ahal izan dute, “Foruzaingoak eraikinean sartzeko aukera eman ostean”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Langile Abertzaleen Batzordeak Nafarroako Unibertsitatea albisteak Izquierda-Ezkerra Albisteak Foruzaingoaren albisteak