Itxi

Politika

EUSKO JAURLARITZA

12 milioi euro aurreikusi ditu Jaurlaritzak polizia-biktimentzat

EITB.EUS

Asteartean onartu zen 'legez kontrako errepresioaren' biktimak aitortu eta erreparatzeko lege-proiektua. Bake eta bizikidetza idazkariak uste du legealdia amaitu aurretik indarrean egongo dela legea.

1:39

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza idazkari nagusiak iragarri duenez, Gasteizko Gobernuak 12 milioi euro aurreikusi ditu, datozen lau urteotan,  "legez kontrako errepresioaren" biktimei kalte-ordain moduan emateko.  Hain zuzen, lege-proiektuak 1978 eta 1999 bitartean izandako "legez kontrako errepresio jardueren ondorioz giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimak" aitortzea du helburu. Fernandezen arabera, 315 eta 447 lirateke, aipatutako urteetan, indarkeria mota hori jasan zutenak.

Asteartean onartu zuen lege-egitasmoa Gasteizko Gobernuak, eta gaur eman ditu xehetasunak, hedabideen aurrean, Bake eta Bizikidetza idazkariak.  Horren hitzetan, beharrezkoa da "legez kontrako errepresioa" pairatu dutenen sufrimendua aitortzea. Kasu asko daude epaitu gabe edo argitu gabe; Lasa eta Zabala, Gladys del Estal, Yolanda Gonzalez edota Mikel Zabalza aipatu ditu, besteak beste.  Ez dute orain artean aitortza ofizialik izan eta hutsune hori betetzera dator, Eusko Legebiltzarrean onartuz gero, lege bihurtuko litzatekeen proiektu hau.

Fernandezek esan duenez,  aspalditik ari da gai hau lantzen Eusko Jaurlaritza. Legebiltzarreko talde guztiek, iazko abendutik, zirriborroa jasota dutela jakinarazi du, behar bezala aztertu eta ekarpenak egiteko. Legealdia amaitu aurretik legea onartuta egotea espero du.

Bederatzi kidez osatutako balorazio-batzordea eratu da, kasu bakoitza aztertu eta dagokion erabakia hartzeko: giza-eskubideetan adituak izango dira sei, Jaurlaritzak izendatutakoak,  eta hiru peritu-forentse, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko kideak.

Esan bezala, 12 miloi euroko aurrekontua aurreikusi da, lau urtetan, biktima horientzat: hildako kasuetan 135.000 euro jaso ahal izango du familiak, eta elbarritasun handien kasuetan, 390.000 euro. Batzordeak erabakiko du zeini dagokion kalte-ordaina.

Errepresio ekintza EAEtik kanpo gertatuta ere, biktima EAEn erroldatua egotea da legearen babespean egoteko baldintzetako bat  .

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena