Politika -

HAUTESKUNDE OROKORRAK

Urkullu: 'Espainiaren paralisiak ez dio inori mesede egiten'

'Etorkizuna eraikitzeko funtsezko erabakiak hartu behar diren garaiotan, denbora oso baliotsua galtzen ari da Espainia', esan du.

'Arabako I.go Foro Ekonomikoan' hartu du parte, goizean, Urkulluk. EFE.
'Arabako I.go Foro Ekonomikoan' hartu du parte, goizean, Urkulluk. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak Espainiaren "paralisi" politikoaren aurrean Euskal Autonomia Erkidegoaren "egonkortasuna" nabarmendu du. Hauteskunde Orokorrak berriro egin behar izateak Espainia "arrisku egoeran" jartzen duela esan du. "Euskadin lortutako akordioek eta egonkortasunak egoera ezberdinean gaudela erakusten dute", esan du. EAEko herritarrek alde hori ikusiko dutela ziur agertu da.

'Arabako I.go Foro Ekonomikoan' hartu du parte lehendakariak, lurraldeko enpresabururekin eta Eusko Jaurlaritzako hainbat kargudunekin batera. Espainiako egoera politikoak "kezka" sortzen diola aitortu du, baina egoeraren aurrean euskal agendari merezi duen lekua eskaintzeko gai izateko itxaropena agertu du.

Agenda horretan, lehendakariaren hitzetan, besteak beste, Euskadiren etorkizun ekonomikoa, politikoa eta soziala marraztuko duten gai garrantzitsuak daude jasota. Horregatik, elkarrizketarako eta elkarlanerako bideak zabaltzeko konpromisoa agertu du, hala nola, autogobernuan sakontzeko.

Azken hilabeteotan, Espainiako "ziurgabetasun politikoa eta ekonomikoa" agerian geratu direla esan du. Hauteskunde Orokorrak berriro deitzea ez dela inoren "gogokoa" eta egoera horrek inori ez diola mesede egiten esan du.

Egoera "oso kezkagarria" dela eta Euskadiri zuzenean eragiten diola esan du lehendakariak, akordio ezak etorkizunerako estrategia zehatzik ez dagoela erakusten duelako, bere aburuz. "Etorkizuna eraikitzeko funtsezko erabakiak hartu behar diren garaiotan, denbora oso baliotsua galtzen ari da Espainia", esan du.

Galdetu dioten arren, gaur ere, ez du zehaztu hauteskunde autonomikoak noiz izango diren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Lehendakaria EAEko hauteskundeak 2024 Espainiako hauteskunde orokorrak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea