Itxi

Politika

Autogobernua

Erabakitzeko eskubidea 'argitzeko' akordioa proposatu du EAJk

Agentziak | Erredakzioa

Euskadiren estatus politikoa gaurkotzeko gutxieneko oinarriak adostu nahi dituzte jeltzaleek bi asteko epean, hurrengo legealdian landu eta garatzeko.

1:48

Euskadiren estatus politikoa gaurkotzeko oinarriak jasotzen dituen dokumentua aurkeztu die gaur EAJk PSE-EE, PP eta UPyD alderdiei, bilera banatan. EH Bilduk bilera-erronda horretan parte ez hartzea erabaki du asteon, ekimenak "antzerki-politika" kutsua duela argudiatuta.

Jeltzaleen dokumentuak erabakitzeko eskubidea argitzeko premia jasotzen du. Eskubide hori gauzatu ahal izateko baldintzak adostea proposatu die EAJk gainerako alderdiei. Halaber, testuaren arabera, Estatuko erakundeek errespetatu egin beharko dituzte EAEko herritarrek "legezko prozedurak eta arauak" jarraituz, "etorkizun politikoari buruz hartutako erabakiak".

Andoni Ortuzar EBBko presidenteak aurkeztu die dokumentua sozialistei, popularrei eta UPyDko kideei, goizean, Eusko Legebiltzarrean. Bilerak egin eta gero, hedabideen aurrean agertu da jeltzaleen burua. Horren iritzian, legealdi honetan bertan gai honen inguruan EAJ, EH Bildu eta PSE-EE akordio batera iristeko zimenduak egon badaude. Seguruenik udazkenean egingo diren hauteskunde autonomikoak baino lehen gutxieneko akordio batera iristeko aukera ikusten du, datozen lau urteotan sakontzen jarraitu ahal izateko.

Euskadi eta Estatuaren arteko harreman juridikoa aldatzea aurreikusten du proposamenak, horretarako, aldeen arteko negoziaketa eta akordioa beharrezkoa izanik. EAJk gutxieneko oinarri batzuk adostu nahi ditu bi asteko epean, hurrengo legealdian landu eta garatzeko.

Datozen asteotan ezker abertzaleari dokumentua aurkeztea espero du Ortuzarrek.

Erreakzioak

PPk eta UPyDk bilerak amaitu orduko eman dute dokumentuari buruzko iritzia. "Adarjotzea amaitu da", esan dio Borja Semper PPko bozeramaileak EAJri. Estatus politikoa aldatzeko eztabaida "erabakitzeko eskubidea" bezalako eufemismoen bidez "independentzia epeka lortzeko" erabiltzea ez duela onartuko nabarmendu du.

Ildo beretik mintzatu da Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidea ere. Horren iritzian,  Ortuzarren azken helburua independentiza da, eta bere alderdiak ez du akordiorako zirrikitu txikienik ere ikusten bide horretan.

PSE-EEk ez du hitz egin bileraren ostean.

n.

n.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena