Politika -

HAUTESKUNDE OROKORRAK

Mendia: 'PPren gezurren aurrean, PSOE da alternatiba bakarra'

EAEko sozialisten idazkari nagusiak Podemosen politika egiteko modua ere kritikatu du. 'Denontzat konponbide magikoak iragartzen dituzte, baina euren eserlekuak bakarrik axola zaizkie', esan du.

Idoia Mendia, gaur goizean, Gasteizen. EFE.
Idoia Mendia, gaur goizean, Gasteizen. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak esan duenez, PPren "gezurren eta murrizketen" aurrean, PSOEk zuzendutako Gobernua izango da Estatu Espainiarrean egonkortasuna bermatuko duen bakarra. Podemosen politika egiteko modua ere kritikatu du: "denontzat konponbide magikoak iragartzen dituzte, baina euren eserlekuak bakarrik axola zaizkie", esan du.

Hauteskunde orokorretarako PSE-EEren Arabako zerrendak aurkeztu ditu, hedabideen aurrean, Mendiak, gaur goizean, Gasteizen. Javier Lasarte eta Julia Liberal dira, hurrenez hurren, Kongresurako eta Senaturako zerrendaburuak, Arabatik.

"Espainian aldaketa PSOEkin etorriko da, edo ez da etorriko", esan du. PPk beste lau urtez Espainiako Gobernuan jarraituko balu, "hondamendia" litzatekeela uste du Mendiak. "Udal-bulego batzuen alokairua kudeatzeko gai ez direnak, nola zuzenduko dute Espainiaren hazkunde ekonomikoa?", galdetu du, San Antonio kasuaren harira.

Alderdi Popularrak "formula okerra" irudikatzen duela adierazi du; gastu publikoan murrizketak, pentsioetan murrizketak eta neurrigabeko zorra dira popularren ikurrak, Mendiaren aburuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Idoia Mendia Alderdi politikoak berriak Euskal sozialistak Albisteak Gaur Eguneko albisteak