Politika -
Autogobernua
EH Bildu EAJrekin biltzeko prest, autogobernuaren harira
"Antzerkitxoetan" ez dutela parte hartu nahi, baina erabakitzeko eskubidearen inguruko estrategiaren alde biltzeko asmoa badutela esan du EH Bilduk
agentziak | erredakzioa
EH Bildu autogobernuaren inguruan EAJrekin hitz egiteko prest dagoela esan du gaur. Hala ere, alderdi abertzaleak bilera "apala" izan behar duela eta "hedabideetatik eta eszenifikazio saiakeretatik kanpo" egon behar duela gaineratu du.
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak joan den maiatzaren 6an autogobernuari buruzko aldebiko bilerak egitea proposatu zien Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten gainerako lau alderdiei, estatus berriaren oinarriak finkatzeko asmoz.
EH Bildu ez zen autogobernuaren inguruan orduan EAJk deitutako lehen bilera horretara joan, "antzerkitzat" jo zuelako eta "gauzak egiteko modua" ez zelako.
Ildo horretan, "antzerkitxoetan" ez dutela parte hartu nahi, baina erabakitzeko eskubidearen inguruko estrategiaren alde biltzeko asmoa badutela esan dute berriro EH Bilduren iturriek.