Politika -
Udala
San Antonioko alokairu kontratua baliogabe utzi nahi du Gasteizek
Kontratuagatik Alonso eta Maroto zigortu zituzten, eta orain baliogabe uzteko espediente bat abiatu du Udalbatzak. EH Bilduk, Podemosek eta Irabazik babestu dute mozioa.
Agentziak | Erredakzioa
San Antonioko alokairu kontratua baliogabe uzteko espediente bat onartu du Gasteizko Udalak. Alfonso Alonso jarduneko Osasun ministroa eta Javier Maroto PPko Sektore Ekintza idazkariordea kontratu horrengatik zigortu zituen Estatuko Kontu Auzitegiak. Auzitegiaren arabera, Udalari 393.000 euroko kaltea egin zion kontratuak.
Mozioa EH Bilduren, Podemosen eta Irabaziren aldeko bederatzi botoekin onartu du Udalbatzak. EAJko eta PSE-EEko zinegotziak, aldiz, abstenitu egin dira. PPko zazpi ordezkarik kontrako botoa eman dute.
Alderdi Popularrak bederatzi zinegotzi ditu Gasteizen, baina Marotok ez du bozketan parte hartu, nahiz eta botoa emateko unean Udalbatzan izan. PPko beste zinegotzi batek ezin izan du Udalbatzan parte hartu, Udaleko iturriek azaldu dutenez.
Ez da loteslea
Mozioa ez da loteslea, eta Estatuko Kontu Auzitegiak Alonso, Maroto eta Gobernuko PPko gainerako zinegotziak zigortu eta bi astera onartu du Gasteizko Udalak. 2007an sinatu zuzen Udal Gobernuak Gonzalo Anton enpresaburuarekin bulego batzuk alokatzeko kontratua.
Kontratua baliogabe uzteko espediente bat abiatzea proposatzen du mozioak; izan ere, kontratuak indarrean jarraitzen du. Horretarako, espedientea abiatu nahi du Udalak, Kontu Auzitegiko epaiaren eta ikerketa batzordeko ondorioen babespean.