Politika -
SAN ANTONIO KASUA
Marotori eta Alonsori 'barkamena' eskatzeko esan die EAJk
Aitor Esteban jeltzalearen hitzetan, San Antonio kasuan kontu publikoei eragindako kaltea, De Miguel kasuan ustez eragindakoaren bikoitza da. Azken horretan, EAJko buruzagi ohiak daude inputatuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak barkamena eska dezatela esan die Alfonso Alonso jardunean dagoen Osasun ministroari eta Javier Maroto Gasteizko alkate ohi popularrari, San Antonio auziaren harira. Arabako hiriburuko Udalean egindako "kudeaketa eskasagatik" azalpenak emateko ere esan die buruzagi jeltzaleak PPko bi kideoi.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Estebanek esan du, fiskalaren arabera, San Antonio kasuan kontu publikoei eragindako kaltea De Miguel kasuan ustez eragindakoaren bikoitza dela. Azken horretan, EAJko buruzagi ohiak daude inputatuta.
Estatuko Kontu-auzitegiak Alonso eta Maroto erruduntzat jo zituen, joan den ostiralean, Gasteizeko Udala zuzentzen zuten aldian diru-kutxa publikoari 393.000 euroko kaltea eragiteagatik; izan ere, enpresaburu batekin kontratu bat sinatu zuten merkatukoa baino askoz prezio altuagoan.
Estebanen aburuz, ustelkeria kasuek hauteskunde kanpaina ez zikintzea espero du EAJk. Bere alderdiak ustelkeriaz hitz egiteko inolako erreparorik ez duela gaineratu du.