Politika -
ETA-ren erasoa
Viceko biktimei omenaldia egin diete Gobernuak eta Generalitateak
ETAk 10 pertsona, horien artean bost adingabe, hil zituen duela 25 urte Bartzelonako herrian. Gaurko ekitaldiaren “batasun politikoa” goraipatu du Fernandez Diazek.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuak eta Kataluniako Generalitateak Viceko (Bartzelona) kuartelaren aurkako erasoaren biktimei omenaldia egin diete gaur, “batasun politikotik, zatiketarik gabe”. ETAk 10 pertsona, horien artean bost adingabe, hil zituen duela 25 urte herrian.
Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak eta Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak ekitaldian parte hartu dute. 300 bat pertsona bildu dira omenaldian. Anna Erra Viceko alkatea, Jose Vargas Kataluniako Biktimen Elkarteko presidentea, Maria del Mar Blanco Terrorismoko Biktimen Fundazioko presidentea omenaldian izan dira, baita segurtasun indarretako agintariak ere.
Jordi Jane eta Carles Mundo Kataluniako Barne eta Justizia kontseilariak, Llanos de Luna Gobernuaren ordezkaria Katalunian, eta Lluis Corominas Kataluniako Parlamentuaren presidenteordea ekitaldian izan dira.
Arsenio Fernandez de Mesa Guardia Zibileko zuzendariak, Ricardo Alvarez-Espejo Armadako inspektore nagusiak eta Albert Batlle Esquadra Mossoen zuzendariak ere parte hartu dute.
Ekitaldi xehea izan da. Musikak tartetxo bat izan du, eta ondoren Anna Erra alkateak hartu du hitza. Kuartela zegoen tokian liburutegi bat eraiki behar dutela azaldu du herriko buruzagiak.
Carles Puigdemont Kataluniako presidentea eta Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa omenaldian. Argazkia: EiTB
Fernandez Diaz: "Espainiako gizarteak ez du beti zuzen jokatu”
Gaurko ekitaldia “batasun politikotik, terrorismoaren aurrean, zatiketarik gabe” egitea azpimarratu du Barne ministroak. “Terrorismoaren urte gogorrenetan Espainiako gizarteak ez zuen beti zuzen jokatu, biktimei babes nahikorik eman ez zielako”, adierazi du Fernandez Diazek.
Bestalde, atentatuko biktimen “sufrimendua eta sakrifizioa memoria kolektiboan grabaturik” geratuko dela esan du Puigdemontek.
“Viceko krimena, biktima bakoitzaren adina eta izena, eta haien itxaropenak ez ditu su-etenik, armagabetzerik edo desegiterik ezabatuko”, adierazi du Kataluniako presidenteak.
Era berean, Pablo Casado PPko Komunikazio idazkariordeak Viceko erasoaren biktimak gogorarazi ditu. Avilako Korpus egunean parte hartu du Alderdi Popularreko ordezkariak. Arnaldo Otegik “ETAren historia hiltzailea berriz idaztea” errefusatu du Casadok, duela egun batzuk Kataluniako Parlamentuan “harrokeriatan ibili” ondoren.