Politika -
Ekainaren 26ko bozak
Hauteskundeetarako behin betiko hautagaitzak argitaratu ditu BOEk
Akatsak zuzentzeko epea amaituta, Kongresurako eta Senaturako zerrendak kaleratu ditu Estatuko Aldizkari Ofizialak.
Agentziak | Erredakzioa
Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) maiatzaren 31 honetan argitaratu ditu ekainaren 26ko hauteskunde orokorretarako behin betiko hautagaitzak.
Kongresurako eta Senaturako behin-behineko zerrendak maiatzaren 25ean kaleratu zituzten aldizkarian, eta hautagaitzetan egon zitezkeen akatsak zuzentzeko aukera izan da ordutik. Azken zerrenda da orain argitaratu dutena.
Guztira 350 diputatu eta 208 senatari aukeratuko dira hauteskundeetan. Abenduaren 20ko hauteskundeekin alderatuta, bi aldaketa egongo dira diputatuen banaketari dagokionez: Valentzian abenduan baino diputatu bat gehiago hautatuko dituzte (16 diputatu), eta Leonen, berriz, abenduan baino bat gutxiago (bost barik, lau aukeratuko dituzte). Madril izango da diputatu gehien hautatuko dituen barrutia (36 eserleku) eta Bartzelona izango da bigarrena (31).
Senatariei dagokionez, hauteskunde-barruti bakoitzak launa aukeratuko ditu, honako salbuespenak kenduta: Kanaria Handiak, Mallorcak eta Tenerifek hiruna hautatuko dituzte, eta Eivissa-Formenterak, Menorcak, Fuerteventurak, Gomerak, Hierrok eta La Palmak, bana.
Hauteskunde-kanpaina ekainaren 10ean hasiko da, 00:00etan, eta uztailaren 19an (10:00) osatuko dira ganberak.