Politika -
Espetxe politika
Otegi ez dela Martuteneko kartzelan geratuko esan du Rubalcabak
"Ez da Martutenen geratuko, itzuli egingo da", adierazi du Barne ministroak. Otegi apirilaren 16an Navalcarneroko espetxetik ekarri zuten, bere aitaren osasun egoera zela eta.
Erredakzioa
Arnaldo Otegi Batasunako bozeramaile ohia Martuteneko (Donostia) espetxean geratuko ez dela adierazi du gaur Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak. Auzitegi Nazionalak Otegi lekualdatzeko agindua eman zuen apirilaren 16an, bere aitaren osasun egoera zela-eta. Ezker abertzaleko buruzagia Navalcarneroko (Madrid) kartzelatik ekarri zuten.
"Ez da Martutenen geratuko, itzuli egingo da", adierazi du ministroak Getafeko Carlos III. Unibertsitatean emandako hitzaldian. Segurtasun eta Giza Eskubideen inguruko konferentzia zen, baina kazetariek gai horri buruz galdetu diote.
Era berean, euskal presoekiko mantentzen duten espetxe politikan aldaketa nabarmenik ez dagoela erantsi du Rubalcabak.
Martutenen egoteko asteburu bateko baimena zuen Otegik, baina Espetxe Erakundeek 20 egunez luzatzeko erabakia hartu zuen, Auzitegi Nazionalak gaur azaldu duenez.
48 orduko baimena
Auzitegiko iturriek jakitera eman dutenez, Otegiri 48 orduko baimena eman zioten iragan apirilean eta Navalcarneroko kartzelatik etxetik gertu zen espetxe batera ekartzea erabaki zuten, bere aita bisitatu ahal izateko, izan ere, bihotzekoa izan zuen.
Baimena behin agortuta, auzipetua Madrileko kartzelara eramateko erantzukizuna Espetxe Erakundeena izango litzateke, Auzitegi Nazionaleko iturriek azaldu dutenez.