Politika -

Urteurrena

Puelles: 'Presoek kezkatzen dute Jaurlaritza, biktimek baino gehiago'

Josu Puelles Eduardo Puelles Polizia Nazionaleko agentearen anaiak igandean anaiari egindako omenaldian hartu du parte. ETAk 2009ko ekainaren 19an hil zuen agentea.

Eduardo Puelleseri omenaldia
Eduardo Puelleseri omenaldia
Puelles omendu dute, ETAk hil zuenetik zazpi urte igarota

0:31

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Puelles Eduardo Puelles Polizia Nazionaleko agentearen anaia eta Covite Euskal Herriko Terrorismoaren Elkarteko presidenteordearen esanetan, Eusko Jaurlaritza gehiago kezkatzen du "presoen zigorra arintzeak, biktimen nahigabea arintzeak baino". 2009ko ekainaren 19an hil zuen ETAk Eduardo Puelles inspektorea.

Puellesek igandean egin ditu adierazpenok, Bilbon anaiaren hilketaren zazpigarren urteurrena gogoratzeko egin duten omenaldian. Familiakoak eta lagunak izan dira bertan.

Ekitaldia, urtero bezala, Arrigorriagako Santa Isabel parkingean egin dute, ETAk hura hil zuen tokian.

Lore-eskaintza, atentatuaren lekuan

50 bat lagunek, tartean inspektorearen alargunak, lore-eskaintza egin dute Eduardo Puelles hil zuten tokian bertan, biktimaren argazki baten ondoan. Plaka bat jarri dute, esaldi honekin: "Hildakoen bizitza bizirik daudenen memorian dago". Omenaldian parte hartu dutenek pankarta bat erakutsi dute, "Edu gogoan zaitugu. ETA kanpora" mezuarekin, eta hamar minutuko elkarretaratzea egin dute, isilik.

Josu Puellesek biktimen esanahi politikoaren gainean hitz egin du, eta "esanahi hori baztertu eta ETAren historia zuritu nahi izatea" egotzi dio Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiari.

"ETAren indarkeria, beraiek diotenez, beste alde batzuen indarkeriarekin nahasi nahi dute, eta guk manipulazio hori salatu nahi dugu, diskurtso nazionalistaren manipulazioa", esan du.

Hainbat hilketa, argitu gabe

Coviteko presidenteordearen iritziz, Eusko Jaurlaritza gehiago arduratzen da "presoen zigorrak arintzeaz, biktimen mina arintzeaz baino, edo, nolabait, biktimak duintzeaz". "Biktimak duintzea terrorista baten kexa eta atsekabea entzutea besterik ez bada, guk ez dugu hori egingo, noski, eta uste dugu ez dela bide egokia", zehaztu du.

Eduardo Puellesen anaiak gogorarazi du ETAren hainbat hilketa argitu gabe daudela, eta adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak ez duela jarduerarik bultzatu ekintza horiek argitzeko.

Puellesen esanetan, bere anaia eta beste 800 biktima hil zituzten proiektu batengatik, eta proiektu horrekin harro daude EAEko hainbat herritar. "Borroka politikoa galdu dugu terrorismoaren aurka", erantsi du.

Eduardo Puellesen aurkako atentatua lapa-bonba bat jarrita egin zuen ETAk. Polizia Nazionaleko inspektorea zen, eta terrorismoaren aurka ari zen lanean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak ETA Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Terrorismoaren Biktimak Gaur