Politika -
Euroagindua
Segiko lau atxilotuen aurkako epaiketa atzeratu egin dute
Olatz Izaguirre, Carlos Renedo, Gaizka Likona eta Asier Coloma maiatzaren 6an atxilotu zituzten Iparraldean. Atxilotuen abokatuak saioa atzeratzea eskatu zuen eta epaileak onartu egin du.
Erredakzioa
Iragan ostegunean, Iparraldean atxilotutako Segiko lau kideen kontra Auzitegi Nazionalak euroagindua eman zuen, eta horren inguruko epaiketa atzeratu du gaur Paueko Auzitegiak (Frantzia).
Askatasuna presoen aldeko elkarteak jakitera eman duenez, lau atxilotuen abokatuak saioa atzeratzea eskatu zuen eta epaileak onartu egin du.
Espainiako Auzitegi Nazionalak igorritako autoa eskuetan ez duela izan argudiatu du abokatuak, eta ondorioz, defentsa prestatzeko denborarik ez duela izan. Atzerapena baieztatu ostean, lau atxilotuak Seysseseko espetxera bidali dituzte berriz. Epaiketa datorren asteartean egingo dute, 09:00etan.
Olatz Izaguirre, Carlos Renedo, Gaizka Likona eta Asier Coloma maiatzaren 6an atxilotu zituzten Ziburun, Hendaian eta Donibane Lohizunen. Iragan azaroan, Segiren kontrako operazioa egin zutenetik ihes eginda ziren atxilotuak.