Politika -
Grabazioen eskandalua
De Alfonso: 'Trukean zerbait ematea eskatu zidan Riverak'
Fernandez Diazekin egin bezala, “tonu eta baldintza berdinetan” Barne kontseilariarekin bileraren bat izan duela ziurtatu du Kataluniako Iruzurraren aurkako Bulegoaren zuzendariak, “noski baietz”.
Agentziak | Erredakzioa
Daniel de Alfonso Kataluniako Iruzurraren aurkako Bulegoaren zuzendariak baieztatu egin du Kataluniako Parlamentuan Albert Rivera Ciudadanoseko buruak eskaera bat egin ziola OACren buru izateko babesa ematearen truke. "Ezertaz ez keztatzeko esan zidan, bere babesa jasoko nuela, baina trukean zerbait eman behar niela".
De Alfonsok errieta egin die Kataluniako Parlamentuko diputatuei, bera kargutik kentzeko prozedura abiatzeagatik. Bere figura “deserosoari” eraso egiteko operazio politiko bat salatu du, organismo “koldarragoa eta otzanagoa” lortzeko.
Kataluniako Parlamentuko Batzordean, agerraldia egin du De Alfonsok. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroarekin izandako elkarrizketak filtratu ondoren, “epaiketa sumarisimo” baten biktima dela salatu du bertan, eta “iraindu” dutenen aurka egin du arduradunak agerraldian.
"Bekatutik libre dagoenak bota dezala lehenengo harria”
De Alfonsoren esanetan, Iruzurraren aurkako Bulegoa ez da inoiz legez kanpo aritu. Azken bost urteetan alderdi guztietako ehun bat politikarirekin bildu dela nabarmendu du, eta erronka bota die diputatuei: “Hori konspiratzea baldin bada, bekatutik libre dagoenak bota dezala lehenengo harria”.
“Bilerak egiten ditut, onartzen dut, baina ez dut ezer asmatzen, eta elkarrenganako gauza bera espero dut”, azaldu du zuzendariak. “Turko-buru bezala ez erabili, horri kiratsa dario-eta”, ohartarazi du.
Horrez gain, “zuzenean edo zeharka” bilera pribatuak eskatu dizkioten talde politikoek orain “bizkarra emateak” harritu egiten duela esan du De Alfonsok. Hala ere, Parlamentuko diputatu batzuen babesa jaso duela nabarmendu du.
Barne kontseilariarekin, bilerak
Fernandez Diazekin egin bezala, “tonu eta baldintza berdinetan” Barne kontseilariarekin bileraren bat izan duela ziurtatu du De Alfonsok, “noski baietz”.
Aurreko egunotan egin duen bezala, dimisioa emateko asmorik ez duela ohartarazi du De Alfonsok diputatu katalanen aurrean; izan ere, Kataluniako ustelkeria “ordenan jartzen” ari den organo bakarraren biziraupena jokoan dagoela adierazi du. “Nahiz eta kaka mordoa bota, inork ez du nire borondatea zuzenduko, ez ministroak, ezta erregeak ere”, azpimarratu du.
De Alfonsoren ahotan, elkarrizketen filtrazioarekin “figura deseroso batekin” amaitu nahi dute, baina “borroka horrek gutxi batzuei egiten die mesede eta gizarte guztiari egiten dio kalte. Kargutik kentzen banauzue, iraganera itzuliko gara”, gaineratu du.